Politika -
Espainiako Gobernua
Urkulluk esan du EAJ 'guztiekin' negoziatzeko prest dagoela
Lehendakariaren arabera, jeltzaleek "ez dituzte marra gorriak", baina uste du lau alderdi nagusiek ez dutela "gobernu posiblea egiteko borondaterik".
agentziak | erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak berretsi du EAJ "guztiekin" negoziatzeko prest dagoela Espainiako Gobernua osatzeko abiatu berri den negoziazio epeari begira, eta berretsi du jeltzaleek ez dutela "marra gorririk".
Donostiako ospitalean egindako ekitaldi batean kazetariei adierazi dienez, kezkatuta dago inbestidurari begira dauden lau alderdi nagusiek ez dutelako "gobernu posiblea egiteko borondaterik".
Era berean, hauteskundeetatik igarotako denboraz gain, "hautagaiak hartu duen hilabeteko epea ere alferrikakoa" izan daitekeela ohartarazi du.
"Hori da benetan kezkatzen nauena, ez baita kopuru kontua, baizik eta Estatuko lau alderdi politiko nagusien borondatea", azpimarratu du.
Lehendakariaren ustez "zaila dirudi" Gobernua osatzeko akordioa lortzea. Baina EAJren jarrera testuinguru horretan "guztiz arduratsua" izango omen da, "beti bezala".
Hori dela eta, "Espainiako Gobernuaren presidentegaiaren proposamenak zeintzuk diren jakiteko eta diagnosia partekatzeko" prest agertu da lehendakaria, eta "lehentasuna Euskadi izanik, euskal herritarren ongizatearen inguruko gaiak eta autogobernuaren garapena" jarriko omen ditu mahai gainean.