Politika -
ETAren hilketa Frantzian
ETAko kidetzat jotako suhiltzaileak Bartzelonara itzuli dira
"Frantziako agintariek tratu ona eman digute" ziurtatu dute suhiltzaileek. Frantziak akatsa onartu egin du eta suhiltzaileak errugabetu ditu.
Erredakzioa
ETAko kidetzat jotako bost suhiltzaileak Bartzelonara itzuli dira Frantzian deklaratu ostean.
Galderarik onartu ez duten prentsaurrekoan, Oscar Llop, suhiltzaileen bozeramaleak "Frantziako agintariek tratu ona eman" dietela ziurtatu du, "Kataluniako Gobernuarengatik izango ez balitz ez ginateke hemen egongo", gehituz.
Frederic Pechenard Frantziako Poliziaren zuzendari orokorrak ustez ETAko kideak erakusten zuen bideoarekin izandako akatsa onartu du. "Guretzat akats hau etsigarria izan den arren, ez da zalantzan jartzen ETAren inplikazioa", adierazi du.
Halaber, Kataluniako suhiltzaileekin egondako akatsaren "arduradun" sentitzen dela esan du Rubalcabak.
Bost suhiltzaileak goiz osoan zehar egon dira Frantziako Poliziaren aurrean deklaratzen, azaldu du Joan Saura Generalitateko Barne kontseilariak.
Horretaz gain, bost suhiltzaileak "ondo" daudela eta jaso duten tratamendua "oso ona" izan dela esan du Saurak. Akatsa "arin" konpondu da kontseilariaren hitzetan.
Bestalde, Jean Serge Nerin gendramearen ikerketaren inguruan Frantziako epaitegi batek suhiltzaileak erantzukizunetik salbuestu ditu. Identifikatu zituen
France.info hedabidearen arabera, asteartean atxilotu zuten Joseba Fernández Aspurz ETAko kideak Frantziako poliziak engainatu zituen, supermerkatuko bideoa ikustean irudietako pertsonak ETAko kideak zirela esan zuelako.