Politika -
Inbestidura saioa
Pedro Sanchez: 'Gobernua osatzeko erantzukizuna onartuko dugu'
"Rajoy jaunak ez du inolako ahaleginik egin babesa lortzeko", esan du PSOEren idazkari nagusi eta Gobernu espainiarreko presidentegaiak, erregearen deia jaso eta gero.
Iker Gonzalez | Eitb.eus
Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuko presidente izateko hautagaiak baieztatu duenez, "PSOEk eta nik gobernua osatzeko erantzukizuna onartuko dugu".
Une batzuk lehenago, Felipe VI.a erregeak Sanchezi proposatu egin dio inbestidura saioan hautagaitza aurkeztea, Diputatuen Kongresuan, gobernua osatzen saia dadin.
Era berean, Pedro Sanchezek Mariano Rajoy kritikatu egin du; esan duenez, "ez du inolako ahaleginik egin beharrezko babesa lortzeko". "Rajoyren ihesaldia kritikatu dut, PPk uko egin dio milaka espainiarrek eskatu zion aferari, hau da, gobernua osatzea".
Horren ildotik, Sanchezek esan du Alderdi Popularreko agintariak "ustelkeria auziek inguratuta" daudela. "PPren berritze prozesua etorri behar da, eta soilik PP oposizioan egonda gertatuko da".
Halere, argitu duenez, "PP indar garrantzitsua da, espainiar asko ordezkatzen ditu, eta errespetatzen ditudala -PPren kideei- esan nahi diet". "PSOEk beti luzatuko die eskua Estatu mailako gaiak jorratzean", azaldu duenaren arabera.
Epeei dagokienez, sozialisten buruak esan du "gutxienez hilabete" beharko duela negoziatzeko. "Nire asmoa serioa da; nirea, serioa da", azpimarratu du.
"PSOEk Espainiarekiko erantzukizuna onartuko du", "espainiarrek gobernua izan dezaten", baieztatu duenez.
Minutu batzuk lehenago, Patxi Lopez Kongresuko presidenteak Pedro Sanchez aipatuta esan duenez, Sanchezek "hiruzpalau aste" beharko ditu negoziazioak egiteko, eta lehendakari ohiak onartu egin du eskaria.
"Zentzukoa da epe hori izatea [inbestidura] saioa deitzeko", adierazi du Lopezek.
"Ez daukat babesik"
Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidenteak onartu du oraindik ez duela babes nahikorik gobernua osatzen saiatzeko eta hala jakinarazi dio Felipe VI.ena erregeari, Zarzuela Jauregian egin duten bileran.
Alderdi Sozialistari elkarrizketarako prestasuna agertu ez izana egotzi dio Rajoyk, baina, nolanahi ere, Espainiako Gobernuko presidente izateko aukerari uko egingo ez diola azpimarratu du.
Hala ere, Rajoyk aitortu du oraingoan Felipe VI.enak ez diola gobernua osatzen ahalegintzeko proposamena luzatu. Erabaki hori "zentzuzkoa" dela erantsi du.
"Erregeari esan dio oraindik ez dudala babes nahikorik gobernua osatzeko, besteak beste, PSOEk elkarrizketari uko egiten diola; ez dut esan nahi akordiorako prest ez dagoela, baina argi dago PPrekin ez duela hitz egin nahi?, azaldu du. Horrenbestez, ?ezin dut bermatu Espainiari egonkortasuna emango dion gobernua eratzea", gaineratu du.
"Bi aukera daude"
Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak berretsi du ez dela posible bere alderdiak eta Ciudadanosek gobernu akordio bat lortzea.
"Pedro Sanchezek sustatu nahi izan du Podemosen eta Ciudadanosen arteko gobernu akordio bat, eta hori ez da posible", adierazi du, Felipe VI.a erregeak alderdiekin abiatutako bigarren bilera-sorta bukatu eta gero Kongresuan eskainitako prentsaurreko batean.
Horren ildotik, buruzagi ezkertiarrak ziurtatu du "bi aukera" baino ez daudela: "PPk, PSOEk eta Ciudadanosek osatutako koalizio handia edo PSOEren, Podemosen eta IUren arteko gobernu aurrerakoia".
Rajoyk "amore eman du"
Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiaren esanetan, Mariano Rajoyk "amore eman du" eta, beraz, orain Pedro Sanchezi dagokio Espainiako Gobernua osatzeko ardura.
Riveraren iritzian, Felipe VI.enak "zentzuzko erabakia" hartu Pedro Sanchezi inbestidura saioan presidentegai izateko eskatuta.
Erabaki horren berri izan ostean egindako agerraldian, Riverak iragarri du datozen orduetan Alderdi Popularrarekin eta PSOErekin gobernu-ituna negoziatzeko ordezkaritza aukeratuko dutela.