Politika -
Diputatuen Kongresua
Talde Mistoak EH Bildu proposatu du Konstituzio Batzorderako
Koalizio abertzalearena izango litzateke bozeramailea Kongresuko batzorde garrantzitsuenetako batean.
agentziak | erredakzioa
Talde Mistoak EH Bildu proposatu du Kongresuko Konstituzio Batzordean bozeramaile lanak egiteko, Europa Press-ek Kongresuko iturriak aipatuta jakitera eman duenez. Hala, koalizio abertzalearena izango litzateke batzorde garrantzitsuenetako baten ardura.
Talde Mistoko 14 kideek bilera egin dute gaur batzordeetako bozeramailetzak banatzeko, aste honetan bertan martxan jartzekoak baitira, eta abenduaren 20ko hauteskundeetan lortutako emaitzen arabera egin dute.
Hala, Marian Beitialarrangoitia eta Onintza Enbeita diputatuak izango dira talde mistoaren ordezkariak Konstituzio Batzordean, baina baita Hezkuntza eta Kirola eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzan ere.
Compromisek, lau
Bestalde, Compromisek lau batzordetan hartuko du bozeramailearen ardura, Talde Mistoan diputatu gehien dituena den heinean: Justizia, Sustapena, Nekazaritza eta Berdintasuna.
Ekonomia Batzordeaz gain, IU-UPk Atzerri Gaietarako eta Kultura batzordeak hartuko ditu, eta UPNk, Barne, Defentsa eta Ogasun batzordeak.
Isidro Martinez Oblanca Foro Asturiasen ordezkari bakarra Industria, Energia eta Turismo eta Diputatuaren Estatutua batzordeetako bozeramaile izango da, eta Ana Oramas Coalicion Canariako diputatua Enplegu eta Kongresuko Araudi batzordeez arduratuko da.
Pedro Quevedo Nueva Canariaseko diputatua Osasun eta Gizarte Zerbitzuetako batzordeko bozeramaile izango da, eta Pedro Gomez de la Serna PPren diputatu ohiak Eskaeren batzordea hartuko du.
Txandaka
Era berean, gaurko bileran erabaki dute talde parlamentarioaren bozeramailetza txandaka egitea, hilabete bat diputatu bakoitzeko.
Hala, lehenengo bozeramailea Joan Baldovi Compromisekoa izango da, maiatzera arte, eta ondoren Alberto Garzonek hartuko du kargua ekainean eta uztailean. EH Bilduk, berriz, abuztuan eta irailean egingo du lan hori; Iñigo Alli UPNkoak, urrian eta azaroan; eta Foro Asturiasek, abenduan.