Politika -
Erregeak deituta
Gobernua osatzen saiatuko da Sanchez, erregeak eskatuz gero
Sozialisten buruarekin bildu ostean, arratsaldean, Mariano Rajoy Espainiako jarduneko gobernuburua hartuko du Felipe VI.ak.
AGentziak | Erredakzioa
Bigarren bilera-sorta amaitzear du erregeak, eta duela 11 egun zegoen egoera bertsua dagoela esan liteke. Inbestidura saioan aurrera egiteko babes nahikoa duen hautagairik ez dago. Pedro Sanchez PSOEko burua eta Mariano Rajoy PPko buruzagi eta Espainiako Gobernuaren jarduneko presidentea hartuko ditu Felipe VI.ak gaur, eta, ondoren, hautagai bat proposatu beharko du.
PPk argi utzi du Mariano Rajoyren izena ateratzen bada proposamena baztertu egingo duela berriro. Eskuineko alderdiaren arabera, jarrera "koherente eta zentzuzkoa" da hori. Hortaz, burua duela astebete pasatxo zuen lepo beretik duela erakutsiko du Rajoyk (17:00).
Gobernua osatzeko negoziazioei ekiteko prest agertuko omen da Pedro Sanchez, baina buruzagi sozialistak uste du Rajoy izan behar dela saiatzen lehena, eta, hala egin ezean, politika utzi beharko zukeela esan du.
11:00etan du hitzordua sozialistak. Inbestidura saioan hautagai izateko enkargua jasoko balu, Ciudadanosekin, Podemosekin eta gobernu aurrerakoia helburu negoziatzeko prest dauden alderdiekin hitz egiten hasiko litzateke.
Aritmetikari begiratu beharko dio, ordea, horretarako. Izan ere, Podemosek eta Ciudadanosek betoa jarri diote elkarri, eta ia ezinezkoa da bi alderdiek Sanchezen alde egitea aldi berean.
Horri guztiari alderdi barruan duen presioa gaineratu behar zaio, hainbat buruzagi sozialistak Podemosekin gobernua osatzea baztertu baitute jada.