Politika -

Dokumentazioa

Espainiako erregearen papera inbestidura prozesuan

Espainiako Konstituzioak hala aginduta, erregea presidentegaiak proposatzera derrigortuta dago, inbestidura saioa egin eta epeak abiarazteko.

Felipe VI eta Mariano Rajoy. Artxiboko irudia
Felipe VI eta Mariano Rajoy. Artxiboko irudia
Felipe VI eta Mariano Rajoy. Artxiboko irudia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2015ko abenduaren 20ko hauteskundeek alderdi-bitasunaren amaiera ekarri zuten Espainian, ezohiko testuinguru politikoa eraginez eta inbestidura prozesua epe jakinik gabe luzatuz.

Eta egoera honetan, zein da Felipe VI.ena erregearen papera? Espainiako Konstituzioaren 99. artikuluaren arabera, Espainiako erregeak, talde parlamentarioetako ordezkariekin bilera-sorta egin ostean, Espainiako Gobernuko presidente izateko hautagai bat proposatu behar du.

Hautagai horrek inbestidura saioaren lehen bozketan gehiengo absolutuaren babesa lortu beharko du presidente izendatzeko, edo gehiengo sinplearen babesa, bigarren bozketan.

Hala ere, egungo egoeran oso litekeena da bigarren bozketa hori hautagai bakar batek ere ez gainditzea. Eta kasu horretan, zer gertatuko litzateke? Espainiako Konstituzioaren  99. artikuluaren 4. puntuak dio erregeak hautagai berriak proposatu beharko dituela.

Lehendabiziko bozketa egin eta bi hilabetera, hautagai bakar batek ere ez badu lortu Diputatuen Kongresuaren babesa presidente izateko, Felipe VI.enak ganberak desegin eta hauteskunde berriak deituko ditu.

Kasu horietan prozesua eta epeak argiak dira. Alabaina, Konstituzioak ez du aurreikusten nola jokatu behar den erregeak proposatutako hautagai batek inbestidura saiora joateari uko egiten dionean.

Lehenengo bilera-sorta amaituta, erregeak Mariano Rajoyri eskaini zion inbestidura saioa aurkezteko aukera, baina honek uko egin zion, presidente izateko boto nahikorik izango ez zuela bazekielako.

Pedro Sanchezek, berriz, baldintza bat jarri zuen bere hautagaitza inbestidura saioan aurkezteko: Rajoyk Gobernua osatzeko saiakeran porrot egitea.

Gauzak horrela, nor proposatuko du oraingoan Felipe VI.enak? Hautagai bat proposatzera derrigortuta dago, baina hautagai horrek ez du zertan alderdi bozkatuenarena izan behar.

Mariano Rajoyren hautua egin ostean, orain Pedro Sanchezi luzatu diezaioke inbestidura eztabaidara aurkezteko proposamena. Baina, era berean, Pablo Iglesias edo Albert Riveraren aldeko apustua egin lezake, hala nahi izanez gero.

Hipotesi batzuen arabera, Pedro Sanchezen alde egingo du. Baina ez dago baztertuta berriro Rajoy proposatzea, PSOEk inbestidura saioa gainditzeko bermerik ez badauka.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Rajoy Espainiako hauteskunde orokorrak gaur Pablo Iglesias politikari ohia Pedro Sánchez argazkiak Gaurko azken ordukoa Albert Rivera