Politika -
ETAren hilketa Frantzian
Bideo bat zabaldu dute ETAko ustezko kideak identifikatzeko
ETAko ustezko bost kideren bideoa zabaldu du Frantziako Poliziak. ETAk polizia frantziarra hil zuen herriko supermerkatu batean grabatutako irudiak dira.
Erredakzioa
ETAren ustezko buruzagitzat jotzen duten Mikel Carrera Sarobek polizia frantziar baten hilketarekin amaitu zen joan den astearteko auto lapurretan parte hartu ahal izan zuela uste du Frantziako Poliziak.
Dagoeneko gertakari horietan parte hartu zuen ETAko ustezko kideak identifikatu omen dituzte eta bigarren izen bat ere zabaldu dute, Arkaitz Agirregabiriarena, hain zuzen ere, terrorismoaren kontrako iturriak aipatuta jakitera eman dutenez.
Horrez gain, Frantziako Poliziak ETAko ustezko bost kideren bideo bat zabaldu du, joan den astearteko hilketa argitzeko ikerketaren baitan.
Argazkiak eta bideoa publiko eginez herritarren laguntza lortu nahi du Frantziak Dammery-les-Lys herriko auto-saltoki batean izandako lapurretan eta ondoren izandako hilketan nortzuk hartu zuten parte jakiteko.
Zapatero: "Badakigu nor dagoen zuzendaritzan"
Bestalde, Jose Luis Rodriguez Zapaterok ez du baieztatu nahi izan ihes eginda dauden ETAko ustezko kideen izenik, baina onartu du erakundearen baitan ardura duten pertsona direla: "Ez dira hirugarren mailakoak", nabarmendu du.
"Espainiako Gobernuak ondo baino hobeto daki nor dagoen zuzendaritzan eta badakigu atxilotu egingo dutela, berandu baino lehen", azpimarratu du. Sarkozy-Zapatero bilera
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak eta Zapaterok bilera egingo dute datorren asteartean Eliseo Jauregian, ETAk hildako polizia frantziarraren hiletara joan ostean.
13:15ean hasiko da bilera eta ondoren adierazpenak egingo dituzte prentsaren aurrean, Eliseoak gaur zabaldu duen agiri batean plazaratu dutenez.
Joseba Fernandez, polizia-etxean
Oraingoz, Jendarmeek ETAko ustezko kide bat atxilotu dute. Joseba Fernandez Aspurz Levallois-Perreteko Terrorismoaren kontrako Zuzendaritzaordearen komisaldegian daukate eta ziurrenik larunbat arratsaldea arte egongo da poliziaren esku, orduan amaitzen baita horretarako epea. Orain arte zabaldutako informazioaren arabera, lapurretan parte hartu zuen ETAren taldea 8 pertsonaz osatuta zegoen. Guztira, sei auto lapurtu zituzten, horietako bost errekuperatu egin ditu Poliziak. Bi ibilgailurekin egin zuten ihes. Lekuko baten adierazpenak
ETAko ustezko kideek lapurretaren egunean bertan eta bezperan zaindu zuten auto-saltokia, Antoine de Sousa establezimenduko gerenteak Le Parisien egunkarian egindako elkarrizketa batean esan duenez.
"Bezperan eta tiroketaren goizean gauza arraroak antzeman genituen: autoen joan-etorri susmagarria aparkalekuan. Ibilgailuetako bat gelditu ere egin zen, baina ez genion garrantzirik eman", azaltzen du elkarrizketan.