Politika -
Debekatutako ekitaldiak
Istiluak Jon Anzaren heriotzagatik egindako protestetan
Bi lagun atxilotu dituzte, bat Bilbon eta beste bat Laudion (Araba). Liskarrak gehienbat Bilboko Indautxu auzoan jazo dira.
Erredakzioa
Gazteen zenbait taldek istiluak eragin dituzte arratsaldean, Bilbon, Jon Anza ETAko kidearen heriotza dela-eta deitutako protestetan, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez. Ekitaldiak debekatu egin zituen Sailak.
Liskarrak 20:00etan jazo dira, gehienbat Indautxu auzoan. Zabor edukiontzi batzuk gurutzatu dituzte manifestariek eta zenbaiti su eman diete. Berehala sua itzali dute suhiltzaileek.
Ertzaintzak kargak egin ditu elkarretaratzean bildu den jendetza desegiteko. Manifestariek ETAren aldeko oihuak bota dituzte. Bertatik pasa den autobus baten kristalak apurtu dituzte manifestariek, baina ez da zauriturik izan. Lagun bat atxilotu dute, Radio Euskadik jakitera eman duenez.
Bestalde, Laudion (Araba), 20:30 aldera, gizon bat atxilotu dute protestetan parte hartzen ari zenean, poliziari iraintzea eta Ertzaintzari laidotzea egotzita, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.