Politika -

PSOE-ren Batzorde Federala

Inbestidurarako 'itxaropenik' ez izateko esan dio Sanchezek Rajoyri

Hala adierazi du PSOEren Batzorde Federalaren aurrean egin duen agerraldian.

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia PSOE-ren Batzorde Federalean. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia PSOE-ren Batzorde Federalean. Argazkia: EFE
PSOEko militanteei galdetuko diela iragarri du Pedro Sanchezek

1:40

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inbestidura saioari begira, itxaropenik ez izateko ohartarazi dio Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak Mariano Rajoy Espainiako gobernuko jarduneko presidenteari. Azaldu duenez, sozialistek ez diote "indultua" emango eta ez dute haren hautagaitza babestuko.

Horrela mintzatu da PSOEren Batzorde Federalaren aurrean egin duen hitzaldian. Gaurko Batzorde Federalean balizko gobernu progresista osatzeko negoziazioen baldintzak eta 39. kongresu federala egiteko data izango dituzte hizpide sozialistek.

"Itxaropenik ez izateko esan nahi diot Rajoyri. PSOEk ez dio haren botoarekin indultua emango", iragarri du.

Sanchezek azaldu duenez, ustelkeriak "jandako" alderdi batek ezin dio behar duen "egonkortasuna" eman Espainiari, eta inbestidurara aurkezten ez bada "etxera joateko" eskaera egin dio beste behin Rajoyri.

Ez duela Gobernuaren osaketaz hitz egingo ohartarazi dio Sanchezek Podemosi

Gobernu berria osatzeko ahaleginetan, ez duela Gobernuaren osaketaz, hots, "besaulkiez", hitz egingo ohartarazi die Pedro Sanchez PSOEko buruzagiak "alderdi berriei", Podemosi erreferentzia eginez. Sanchezek gaineratu duenez, sozialistek hiritarren arazoak jarriko dituzte negoziazio mahaian.

Pablo Iglesias Podemoseko burua PSOErekin eta IUrekin gobernatzeko prest agertu da, bera presidenteorde eta Podemoseko hainbat kide ministro direla. Eskaera horren aurrean, aipaturiko ohartarazpena egin dio Sanchezek Iglesiasi.

Bestalde, idazkari nagusiak azpimarratu du beste alderdiekin hitz egiteko prest dagoela, baina PSOErekin hitz egiten dutenek oso garbi izan behar dutela zertaz negoziatu daitekeen, hots, herritarren kezka eragiten duten gaiez.

PSOEk militanteei galdegingo die gobernua osatzeko balizko akordioen inguruan

Gobernua osatzeko balizko akordioa PSOEren Batzorde Federalak ez ezik, militante sozialistek ere berretsi egin beharko dutela hitzeman du Pedro Sanchezek.

Sanchezek adierazi duenez, gainerako alderdiekin egingo dituzten negoziazioak "irekian, argitan eta takigrafoen aurrean" egingo dituzte eta negoziazioen inguruko erabaki guztiek "iragazki eta berme guztiak" gaindituko dituzte.

"Ez dadila inor arduratu. Balizko erabakia Batzorde Federalak eta militanteek berretsi beharko dute", iragarri du Sanchezek Batzorde Federalaren aurrean. Bertan elkartu direnek txalo artean hartu dute Sanchezen iragarpena.

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika PSOE Espainiako hauteskunde orokorrak gaur Espainiako Gobernua bideoak Espainia bideoak Pedro Sánchez argazkiak Albisteak