Politika -
Datozen egunetarako
Gestora batek hartuko du Valentziako PPren gidaritza Imelsa auziagatik
Valentzia hiriko Udaleko PPk "zintzotasuna eta ohorea" defendatu du, ohar baten bidez.
Agentziak | erredakzioa
Gestora batek zuzenduko du Valentziako PP datozen egunotan, zinegotziak, zinegotzi ohiak, kargudunak eta kargudun ohiak Guarda Zibilarenean deklaratzera deitu eta gero, Imelsa auzian ikertzen ari diren gertakariak direla eta.
Alderdiaren Zuzendaritzak (Estatu eta Erkidego mailan) EFEri berretsi egin diotenez, datozen egunotan gestora bat eratuko dute alderdiaren gidaritza har dezan, herri mailan.
Gaur, ostirala, goizean, 20 bat zinegotzi eta zinegotzi ohi, aholkulari eta aholkulari ohi deklaratzera joan dira, ikertuak baitaude (lehen inputatuak), alderdia ustez diru beltzez finantzatu, dirua zuritu eta komisioak jaso zituztelakoan.
Besteak beste, Maria Angeles Ramon-Llin, Felix Crespo, Alberto Mendoza, Cristobal Grau, Vicente Igual, Beatriz Simon eta Lourdes Bernal zinegotziak, eta Silvestre Senent eta Miquel Domínguez (egungo diputatua Valentzian) zinegotzi ohiak izan dira.
Era berean, asteazkenean Alfonso Novo Valentzia hiriko PPren presidente eta bozeramaleak ere deklaratu behar izan zuen. Novo alderditik kaleratu dute, badaezpadako neurri gisa, deklaratu arte.
Valentziako PPk zintzotasuna defendatu du
Valentziako Udaleko PPk "zintzotasuna eta ohorea" defendatu du, bidalitako ohar batean, eta ziurtatu bere kideei ez dietela komisioak jasotzea eta esleipen ilegalak egitea leporatu.
Talde honetako kideek berretsi egin dute "sekula ez" dutela legez kanpoko ekintzarik egin eta ez dagoela inolako loturarik haiekin eta "Imelsa enpresa dela eta zabalik dagoen ikerketarekin".