Politika -
Ustezko ustelkeria
Rus eta Imelsa auziko atxilotu guztiak, behin-behineko askatasunean
Epaitegitik ateratakoan, adierazpenak egin ditu Valentziako Diputazioaren presidente ohiak. Rusen ahotan, ikerketa honetan “dena amarru bat da”.
Agentziak | Erredakzioa
Alfonso Rus Valentziako Diputazioaren presidente ohia eta haren hiru kolaboratzaile gertukoenak behin-behinean aske uzteko agindua eman du epaileak. Magistratuak bi milioi euroko fidantza ezarri die. Hala, ustez kontratuetan iruzurra egiteko sareagatik atxilotutako 24 pertsonek kartzela saihestu dute, oraingoz.
Rus eta PPko beste hiru goi-kargudun ohiak espetxera bidaltzea eskatu zion fiskalak Valentziako Argibideetako 18. Epaitegiko magistratuari. Rusek uko egin dio deklaratzeari, baita beste 21 atxilotuk ere.
Horrela, Maximo Caturla (Diputazioko presidenteorde ohi eta Hezkuntza idazkari ohia), Juan Jose Medina (Moncadako alkate ohia) eta Emilio Llopis (Genoves udalerriko alkate ohia) ere, aske geratu dira.
Valentziako Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, ez dago lau kargudun ohi horiek ihes egiteko edo frogak deuseztatzeko arriskurik. Duela ia urte eta erdi hasitako ikerketaren barruan paper garrantzitsua dute laurek.
Hala ere, kautelazko neurriak ezarri dizkie epaileak. Horrela, 15 egunik behin epaitegietara jo beharko dute. Caturlari eta presidente ohiari bi milioi euroko bermea ezarri die, eta milioi batekoa, berriz, Medinari eta Llopisi.
Honenbestez, Taula operazioan asteartean atxilotutako 24 pertsonak behin-behineko askatasunean utzi dituzte; horietako 23, fidantzapean. Hala eta guztiz ere, guztiek inputaturik jarraitzen dute.
Rus: "Dena amarru bat da"
Epaitegitik ateratakoan, adierazpenak egin ditu Rusek. Diputazioko presidente ohiaren hitzetan, ikerketa honetan “dena amarru bat da”, eta indarrak berritzen dituenean bere bertsioa emango duela iragarri du. “Eskua sartzen duenari, ebaki egin behar zaio”, esan du.
“Guztiz errugabea naiz” eta gertatutakoa “ez da normala”, erantsi du.