Politika -
Otsailaren 14tik 16ra
Eurodiputatu talde bat Euskadira etorriko da presoen egoera aztertzeko
Besteak beste, Etxerat elkarteko kideekin eta Juan Calparsoro fiskalburuarekin bilduko dira.
Agentziak | Erredakzioa
Europako Parlamentuko zazpi diputatu Euskal Herrira etorriko dira otsailaren 14tik 16ra, presoen egoera aztertu eta "oinarrizko giza eskubideak errespetatzen ote diren egiaztatzeko".
Ordezkaritzaren parte izango den Gabriele Zimmer Europako Ezker Batuko europarlamentari alemaniarrak azaldu duenez, "arrazoi asko dago pentsatzeko Espainiako espetxe politika presoen eta euren senitartekoen eskubideak urratzen ari dela".
Zimmerrek prentsaurrekoa eskaini du gaur Europako Parlamentuan Euskal Herrira etorriko diren beste lau ordezkarirekin batera. Politikariak gogorarazi duenez, presoen senitartekoek kilometro asko egin behar dituzte, horrek dakartzan "zama ekonomiko, fisiko eta psikologikoarekin".
Hala, ordezkariek 30 bat topaketa egingo dituzte; besteak beste, Etxerat presoen familiakoen elkartearekin bilduko dira, Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiarekin, Juan Cruz Alli Nafarroako Gobernuko presidente ohiarekin eta Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiarekin bilduko dira. CC.OO. eta UGT sindikatuekin ere batzartuko dira.
Zimmer ez ezik, ondorengo eurodiputatuak ere izango dira Euskadin: ERCko Josep Maria Terricabras, Alternativa Galega de Esquerdako Lidia Senra, Malin Björk danimarkarra, Martina Anderson irlandarra (GUE), Tatjana Zdanoka (Berdeak) eta Mark Demesmaeker (Europako Kontserbadore eta Erreformistak).
Bere aldetik, ERC eurodiputatu Josep Maria Terricabrasek nabarmendu du Europako Parlamentuak beti duela "Giza Eskubideak defendatzeko betebeharra, edonon", bai EBetik kanpo baita kideak diren Estatuetan. "Uste dugu aldaketa ez dela Euskadin handia izan, jarduera armatua 2011n bertan behera utzi zuenetik, gehiago espero genuen", adierazi du.
Terricabrasek nabarmendu duenez, ordezkarien helburuak direla "oraindik kartzelan dauden presoekin zer gertatzen den ikustea, eta haien familiarrekin ere zer gertatzen den aztertzea". Halaber, gogorarazi du Europako eta Espainiako legeek "saihestu eta gaitzetsi egiten" dutela presoak euren sorterrietatik urrun egotea. Europako Parlamentuan, azpimarratu du, harridura dago, presoak hain urrunduta egoteagatik.