Politika -
ETAren hilketa Frantzian
Urtarrileko agiria "berresteko" eskatu dio ezker abertzaleak ETAri
Jendarmearen heriotzagatik "pena" agertu ostean, ETAri eskatu diote "prozesu demokratiko bat garatzearen aldeko jarrerari eusteko".
Erredakzioa
Ezker abertzaleak uste du ETAk "prozesu demokratiko bat garatzearen aldeko jarrera berretsi beharko lukeela", ETAk ustez Paris kanpoaldean jendarme bat hil ostean.
Agiri batean, ezker abertzaleak "Euskadi Ta Askatasunari (ETA) eta Espainiako eta Frantziako estatuei bereziki" aipatu "prozesuaren aldeko konpromiso argiak eta zehatzak hartzeko" deia egin die.
Ezker abertzaleak "pena" agertu du polizia frantziarraren heriotza dela eta, baina "ustekabeko" gertakari bat izan zela eta ez zela "aurrez pentsatutakoa" izan aipatu dute, nahiz eta "gertatutakoari garrantzirik ez zaiola kendu behar" zehaztu.
"Herritarren parte hartzean eta indarren batuketan" oinarritutako "prozesu demokratikoa" garatzearen alde agertu da ezker abertzalea eta horretarako "soilik bide politiko eta demokratikoak" erabili behar direla gogoratu.
"Ezker abertzaleak, hemen eta orain, Zutik Euskal Herria agirian onartutako apustuarekiko konpromisoa berresten du", ezker abertzalearen baitako gogoetaren ondorioei erreferentzia eginez.
Currin, "itxaropentsu"
Brian Currin bitartekari hegoafrikarra "itxaropentsu" agertu da ezker abertzaleak ETAri bide demokratikoak soilik babesteko eskatu diolako.
Lokarrik helarazitako agiri batean, Currinek gaitzetsi egin du ustez ETAk atzo Paris kanpoaldean egin zuen hilketa, zeren pertsona "errugabe bat zen, legea eta ordena mantentzeko lanean ari zena" Dammarie-les-Lys hirian. "Indarkeriak, edozein motakoa izanda ere, ez du euskal gatazkaren irtenbidea ekarriko", azpimarratu du.