Politika -

Gardentasuna

Espainiak ustelkeria politiko 'larria' du

Estatuak ez du “ustelkeria sistemikoa”, baina kontratazio publikoan “oso zabalduta” dago.

Luis Barcenas PPko altxorzain ohia. Artxiboko irudia: EiTB
Luis Barcenas PPko altxorzain ohia. Artxiboko irudia: EiTB
Espainian ustelkeria pertzepzio datua inoiz izan den txarrena da

1:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiak bere historiako daturik okerrena izan zuen 2015ean, eta ustelkeria politiko “larria” du. Lehen hirigintzari loturik zegoen, baina orain “kontratazio publikoarekin” lotuta agertzen da, batez ere administrazio publikoko erakundeek eta enpresa publikoek bultzatzen baitute.

Nazioarteko Gardentasuna gobernuz kanpoko erakundearen Ustelkeria Hautemateko Indizearen arabera, Espainia sailkapeneko 36. lekuan dago 168 herrialdetako datuak aztertuta osatu duten zerrendan, 58 punturekin; aurreko indizean baino bi puntu gutxiago.

Manuel Villoria elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak azaldu duenez, Estatuak ez du “ustelkeria sistemikoa” (poliziek, medikuek eta irakasleek eroskeriak onartzen dituztenean izaten da), baina kontratazio publikoan “oso zabalduta” dago, eta Acuamed auziak “oso argi” utzi du.

Espainiaren emaitzek “hondamendia” islatzen dute, baina ez du esan nahi 2015ean ustelkeriak gora egin duenik, datuak “zehatzagoak” direla baizik. Duela urte batzuk baino “informazio iturri gehiago” dituzte txostena egiteko, arduradunen esanetan.

"Diru gutxiago izanda, zaila da ustelkeria gehiago egotea”

Villoriaren hitzetan, “diru gutxiago izanda, zaila da ustelkeria gehiago egotea”. “Hazkunde ekonomikoa baieztatzen baldin bada, osagai sistemikoak ezabatu ez dituztenez, berriz azaleratuko da ustelkeria”, erantsi du.

2004, 2005 eta 2006an “euforia” nagusi zen Espainian, eta herritarrek “ez zuten errealitatea ikusterik”, baina litekeena da orduko datuak gaurkoak baino okerragoak izatea, ikuspegi berdinarekin neurtuz gero.

Espainian “neurri dezente” hartu dituztela onartu du gobernuz kanpoko erakundeak, baina “ez nahikoak”. Horregatik, “ustelkeriaren aurka borroka egiteko egitasmo bat” eskatu du, eta neurriak sistematikoki garatzea, eta horretarako, aurrekontu eta babes politiko “egokiak” behar direla esan du.

Ustelkeriaren % 10 soilik atzematen dute

Jesus Sanchez Lambas enpresa eskubideetan adituaren iritzian, “ustelkeriaren % 10 soilik atzematen dute”. “Iruzurra atzemateko tresnarik onena” Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) dela gaineratu du.

Sanchezen hitzetan, fiskalen eta epaileen egitura “oso eskasa dela bistakoa da”; izan ere, “bost, sei, zazpi edo hamar urte behar dituzte epai bat emateko”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Luis Barcenas Espainia gaur Ustezko ustelkeria politikoa Ustelkeriaren mapa Gaurko azken orduko albistea