Politika -
Tiroketa Parisetik gertu
Baliteke ETAko 10 kidek parte hartu izana jendarmearen hilketan
- Lankideek hildako polizia omendu dute.
- Ezker abertzaleak ez du gaitzetsi hilketa.
Erredakzioa
Frantziako Polizia jendarme bat hil zuen "ETAren ustezko taldearen bila" ari da. Oraingoz ez dago argi zenbat pertsona dauden gertakizunean nahasita, baina frantziar agintariek uste dute 10 izan litezkeela.
Antza, polizia tiroketaren lekuko bat galdekatzen ari da une honetan. Joseba Fernandez Apurz atxilotua ere galdekatuko du, gertatutakoa argitzen saiatzeko.
Agentea (52 urtekoa) Paristik gertu hil zen, ETAko hainbat kiderekin izandako tiroketa batean, terrorismoaren aurkako borrokaren iturriek informatu dutenez.
Aipatu iturrien arabera, erasotzaileetako bat atxilotu egin dute, baina gainerakoek (tartean emakume ilehoridun bat) ihes egin zuten.
Atxilotutakoa Joseba Fernandez Aspurz litzateke, baina oraindik ez dago argi tiroen egilea ote den. Hildako agentea Jean-Serge Nerin da. 52 urtekoa zen eta lau seme-alaba zituen.
Tiroketa Parisko mendebaldean jazo zen, 20.000 biztanle inguru dituen Dammarie-les-Lys herrian.
Polizia Judizialaren iturriek zehaztu dutenez, tiroketa atzoko 19:15ean izan zen, baina hedabideek ez dute horren berri izan gaua arte.
Ordu horretan, poliziak abiadura handian zihoan auto batera hurbildu ziren, barruan zeudenak identifikatzeko asmoz, baina une horretan beste auto batzuk gerturatu zitzaizkien eta tiro egin zieten.
Hildako agenteak balen aurkako txalekoa zeraman, baina bala bat besapetik sartu zitzaion, eta oso larri zauritu zuen. Azkenean hil egin zen, ordubetera.
Aldez aurretik, ETAko kideek sei auto lapurtu zituzten kontzesionario batean, Parisko mendebaldean, Seine et Marne departamenduan.
Erasoan, ETAko kideek langile bat atxiki zuten, eta ospitalera eraman behar izan zuten.
Auziaren ikerketa terrorismo gaietako eskuduntzak dituen Parisko Auzitegiak hartu du bere gain.
Atxilotutakoa ihes eginda zegoen
Joseba Fernandez Aspurz, bart atxilotutako ETAko ustezko kidea, Espainiako Justiziatik ihes eginda zegoen eta Nafarroan egindako kale-indarkeria ekintzekin lotzen dute.
Halaber, 2009ko martxoaren 9an bi foruzaingori lehergailuekin eraso egitea ere leporatzen diote.
50 ETAko kide, Frantzian
Gaur Le Monde egunkariak argitaratu duenez, ETAko 50 eta 80 kide artean Frantzian bizi dira. Testuaren arabera, hamarnaka pertsona Frantzian etxeak edo apartamentuak alokatu dituzte.
"Zuhurtziaz, aldendutako tokietan instalatu egiten dira. Espainiako mugatik gero eta urrunago bizitzen dira ETAko kideak".
Lankideek hildako polizia omendu dute
200-300 lagunek, horietako asko ETAk hildako poliziaren lankideek eta senideek, Jean-Serge Nerini omenaldia egin diote gaur lan egiten zuen polizia-etxearen aurrean, Dammaire-les-Lysen, Pariseko hego-ekialdean.
Isiltasuna eta sinesgogortasuna izan dira nagusi elkarretaratzean. Hiriburutik 60 kilometrora dagoen udalerrian hiru hamarkadetan zehar lan egin du 52 urteko Nerinek.
Agintariek eta alderdiek hilketa gaitzetsi dute
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi du Frantziak "garesti ordaindu" duela&' || 'nbsp;ETAren aurka emandako laguntza, baina bi herrialdeek "gaizkileen kontrako borroka gupidagabearekin" jarraituko dutela ohartarazi du.
Alfredo Perez Rubalcaba Barne Ministroak ezker abertzaleari mezua igorri dio: "hilketak gaitzesten ez dituenak, ezin ditu botoak eskatu". "Hildakoak edo botoak", gaineratu du.
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, berriz, zigor gogorrak eskatu ditu ETAko kideentzat.
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak gaitzetsi egin du hilketa, eta berdin egiteko exijitu dio "ezker abertzale erradikalari", politikaren aldeko apustua "sinesgarria" izan dadin. Radio Euskadin egindako adierazpenetan, ezker abertzaleari eskakizun bera egiten diezaioten eskatu die, gainera, euskal alderdi ei.
Nafarroako ezker abertzaleak prentsaurrekoa eskaini du gaur arratsaldean, baina ez die kazetariei galderak egiten utzi. Ordezkari batek biolentziarik gabeko prozesu demokratiko baten irekiera "beharrezkoa" dela esan du, proiektu guztiak defendatu ahal izateko.
ETAk Frantziako Polizia bat hil du aurrenekoz
Informazio guztiak baieztatzen baldin badira, ETAko kideek Frantziako Poliziarekin 1996tik izan duten bosgarren liskar armatua izango litzateke herenegungoa, baina Frantziako polizia bat hil duten lehen aldia.
Azken tiroketa iaz, ekainaren 8an, izan zen Saint-Enimien, Frantziako hego-ekialdean. Bertan polizia bat zauritu zen ETAko bi ustezko kiderekin izandako tiroketa batean. ETAko ustezko kideek bi auto lapurtu zituzten aurretik.