Politika -
Komisario europarrekin bilerak
Urkulluk Arcelorren egoera jorratuko du asteazkenean Bruselan
Lehendakariak egun bat igaroko du Bruselan eta komisario europarrekin bilerak egiteko baliatuko du bidaia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakaria Bruselara joango da asteazkenean eta hainbat komisario europarrekin elkartuko da. Bilera horietan hainbat gai izango dituzte hizpide, tartean, euskal altzairugintza sektorearen eta, bereziki, Arcelor Mittalen Sestaoko lantegiaren egoera. Izan ere, Arcelor Mittalen zuzendaritzak aste honetan iragarri du aldi baterako itxi egingo duela Sestaon duen lantegia.
Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi duenez, Iñigo Urkullu lehendakariak batzarra egingo du Miguel Arias Cañete Energia eta Klimaren aldeko Ekintzako Europar Batasuneko komisarioarekin, eta Eusko Jaurlaritzaren "kezka" eta "egonezina" helaraziko dio euskal altzairugintza sektoreak eta Arcelor Mittal enpresak bizi duten egoera tarteko.
Egun bateko lan-bidaia horretan Violeta Bulc Europar Batasuneko Garraio komisarioarekin ere elkartuko da eta, besteak beste, Akitania-Euskadi euroeskualdeko Abiadura Handiko Trenaren proiektuaz galdetuko dio. Halaber, bilera horretan izango da Alain Rousset Akitaniako presidentea ere.
Bestalde, "Industriaren erronkak eta teknologiaren bide orria" izeneko mintegiaren inaugurazio ekitaldian parte hartuko du. Euskadik Europako industrian lider diren beste 26 erregiorekin batera osatzen duen "Vanguard" ekimenaren baitan antolatutako ekimena da. Aipaturiko proiektu horren helburua erregioen arteko lankidetzaren bitartez industriaren lehiakortasuna hobetzea da.
Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera Bruselan izango dira Arantza Tapia Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun eta Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuak, Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkaria eta Marta Marin Euskal Autonomia Erkidegoak Europar Batasunean duen ordezkaria.