Politika -
III. edizioa
Foro Soziala ETAren desarmearen oinarriak ezartzen saiatuko da
Brian Currin Nazioarteko Harreman Taldeko burua izango da ekimenaren parte-hartzaileetako bat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Brian Currin abokatu hegoafrikar eta Nazioarteko Harreman Taldeko buruak parte hartuko du Foro Sozialaren III. edizioan. Urtarrilaren 30ean da egitekoa, Gernikan.
Anais Funosas eta Peio Dufau Bake Bideko bozeramaileak eta arduradunak eta Uharan eta Gernika Batzordea elkarteetako ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute gaur, ekitaldiaren nondik norakoak azaltzeko.
Dufauren esanetan, hirugarren edizioaren helburua ETAren desarmeari "bultzada" ematea da, gai hori "funtsezkoa" baita bake-prozesuak aurrera egin dezan.
Bake Bideko kideak gogorarazi du Baionako adierazpenak Frantziako Asanblea Nazionalera eraman zuela bake-prozesua. Hala ere, ez zuen esperotako arrakasta izan, 2014an ETAk armak baliogabetzeko abiatutako prozesua "oso astiro" garatu baita.
Hori dela eta, III. Foro Sozialak gizartearen ekarpenak bideratu nahi ditu, desarme "ordenatu" baten oinarriak finkatzeko.
Horren ildotik, Funosasek azaldu du Foroaren mamia parte-hartze soziala sustatzea dela, eta aldi berean, estatuen blokeoa gainditzeko konponbideak bilatzea, ETA "arrazoizko epeetan" desarma dadin.
Brian Currinek ez ezik, ondokoek ere hartuko dute parte III. Foro Sozialean: Veronique Dudouet, Berghof Fundazioko kidea; eta Kristian Herbolzheimer, Conciliation Resources erakundeko proiektu kolonbiarren arduraduna.