Politika -
Itunak
Iglesias, PSOE-IUrekin gobernatzeko prest, bera presidenteorde dela
Podemoseko idazkari nagusiak Felipe VI.ari esan dionez, gobernu "anitz" horren ministerio batek En Comu Podementzat beharko luke.
Agentziak | Erredakzioa
Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak iragarri duenez, PSOE eta IU alderdiekin "aldaketaren gobernua" osatzeko prest dago, eta halaxe jakinarazi dio Felipe VI erregeari. Adierazi duenez, gobernu horretan berak presidenteorde kargua eduki beharko luke.
Erregeak bilera sorta egin du asteon abenduaren 20 hauteskundeetan ordezkaritza lortu zuten alderdien ordezkariekin (ERCk eta EH Bilduk errefusatu egin dute gonbita). Iglesias hartu du gaur Felipe VI.ak eta bere asmoen berri eman die.
Bileraren ondotik egindako prentsaurrekoan azaldu duenez, gobernu "anitz" horrek hauteskunde emaitzen araberako "osaera proportzionala" beharko luke, eta hori dela eta, berak presidenteorde beharko luke.
"Aurrea hartzea erabaki dugu, pauso bat aurrera egitea. Une honetan ezin gara hitzerdika ibili. Aldaketaren alde ala blokeoaren eta immobilismoaren alde al gaude?", esan du agerraldian. "PSOEk hala nahi badu, aldaketarako gobernua egon daiteke", borobildu du.
Izan ere, Iglesiasen iritzian, une honetan "ezin dira Rajoyren edota joko parlamentarioen zain egon".
Bere asmoen berri jakitean erregeak zelan erreakzionatu duen galdetuta, Felipe VI.a "bere lekuan egon" dela eta "hauteskundeen emaitzak ikusita, arrazoizkotzat" jo duela erantzun du Podemoseko buruzagiak.
Gobernuaren Presidenteordetzaz gain, Gizarte Politikako, Ekonomia, Defentsa edo Barne Ministerioa hartzeko prest agertu da Iglesias, horiek baitira, haren hitzetan, "lehentasuna merezi duten sailak".
Ministerio bat, En Comu Podem hautagaitzarentzat
Gobernuaren osaerari dagokionez, argi mintzatu da Iglesias. Esan duenez, bera presidenteordea izango litzateke, eta ministerioetako bat, En Comu Podem Kataluniako hautagaitzarentzat.
Iglesiasen ahotan, En Comu Podemek irabazi zituen hauteskunde orokorrak Katalunian. Herritarrek hautagaitza horren "elkarrizketarako proposamena" babestu du, eta horrenbestez, erreferendumerako aukera. Ondorioz, "sen onari jarraituta", En Comun Podemek lekua eduki beharko luke gobernu horretan.
"Ez dugu marra gorriekin eztabaidatuko, baina jende guztiak uler dezake zer bozkatu zuten katalanek abenduaren 20an", erantsi du.
Argudio horiei tiraka, Iglesiasek uste du Espainiaren nazio aniztasunari "konponbideak" emateko Ministerioa hautagaitza katalanak gidatu beharko lukeela. Aitortu duenez, "Nazio aniztasunaren Ministerioa" deituko lioke berak sail horri.
Ministerio horren buru nor ikusten duen galdetuta, Xavier Domenech En Comu Podem markak Kongresuan duen bozeramailea izatea gustatuko litzaiokeela esan du.
IUk berehala hasi nahi du PSOErekin eta Podemosekin hizketan
Alberto Garzon IUko diputatuak esan du berehala hasi nahiko lituzkeela elkarrizketak Podemosekin, PSOErekin eta beste talde parlamentario batzuekin Gobernua osatzeko aukerak aztertzeko. Alabaina, azpimarratu du ez dela unea ministerioez eta izenez hitz egiteko, programaz eztabaidatzeko momentua dela erantsi du.
Alderdi Popularra boteretik kanporatzeko “benetako aukera” dagoela esan du eta Pedro Sanchezi eta Pablo Iglesiasi “zintzotasunez” jarduteko eskatu die.
“Espero dut hau guztia antzerkia ez izatea, hauteskunde kanpainan sartzeko mugimendu taktiko bat ez izatea; larrialdi egoeran dagoen gizarteak eskatzen dituen proposamenak zintzotasunez lantzeko prest egon behar dugu alderdiok”, adierazi du Garzonek.
Aritmetikak Gobernu aldaketa bat egotea ahalbidetzen duela eta momentu hau aprobetxatu egin behar dela esan du.
“Politika zehatzak adosteko unea da, anbizio eta nahi pertsonalak albo batean utzita”, gaineratu.
Bestalde, eta kazetarien galderei erantzunez, Garzonek esan du ez dela “ezinbestekoa IU Gobernuan egotea” aldaketa babesteko.