Politika -
Bidegi auzia
EH Bildu: 'Foru Gobernuak ez du Bidegi auzia argitu nahi'
Horrela azaldu da alderdi abertzalea gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu duen txostenaren aurrean. Aipatu txostenean Bilduren kereila ezin dela ontzat eman esaten da.
eitb.eus
EH Bildu alderdiak hedabideei helarazitako ohar baten bidez adierazi duenez, "Gipuzkoako Foru Gobernuak ez du Bidegi auzia ikertu nahi eta ez du argitu nahi non dauden AP-1 autobidean egin gabeko lanengatik ordaindutako 30 milioi euro".
Aipatutako oharra gaur goizean bertan Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu duen txosten baten harira dator. Txosten horretan, aurreko Aldundiak (Bildu) jarri zuen kereilan jasotako hainbat datu ukatzen dira. "Bilduren kereilaren arlo teknikoa ezin da ontzat eman, errealitatetik oso urrun dago eta datuak ez datoz bat errealitatean exekutatu denarekin", esan du Aintzane Oiarbide, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak.
EH Bilduren ustez, "onartezina da ustezko ustelkeria kasu batean arduradun publikoek jarrera ilun eta oztopatzailea izatea, are gehiago epaileak delitu zantzuak ikusi dituenean, oinarri juridiko sendoarekin aurkeztutako kereila onartu duenean eta zazpi pertsona inputatu dituenean".
Horregatik, EAJri gogoratu dio "Administrazio publikoen gardentasunaren aldeko eta ustelkeriaren kontrako oihu soziala dagoela, eta itzalerako eta susmorako tarterik ezin dela egon. Gardentasuna behar du Markel Olanoren Gobernuak".
Iban Asenjo batzarkideak esan duenez, bereziki kezkagarria da Foru Gobernuaren jokabidea Bidegi auzian: "Espero genuen bezala, aurreko txosten teknikoak gezurtatzeko dokumentazioa aurkeztu dute. Gardentasuna bermatu eta dudak daudenean ikerketari ateak zabaltzea da Markel Olanoren Gobernuak egin behar duena".
Horregatik, EH Bilduren esanetan, ikerketa batzordea inoiz baino beharrezkoagoa da; "oso kezkatuta gaude Gobernu berriaren jarrerarekin, ez ditu argibideak ematen eta ustezko irregulartasunak estali eta egia oztopatu nahi duela uste dugu".