Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Ortuzarren ustez, Justiziak 'erakusleiho politikoan jarri du' Otegi
EAJren presidenteak eskatu du “argi zehazteko” Batasunaren bozeramaile ohia lehendakarigai izan ahalko den datozen hauteskundeetan.
agentziak | erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak uste du Justiziak "argi zehaztu" beharko lukeela Arnaldo Otegi Batasunaren bozeramaile ohia lehendakarigai izan ahalko den hurrengo hauteskundeetan. Gainera, Espainiako Justiziak "saltsa guzti horrekin" Otegi "erakusleiho politikoan" jartzen duela iritzi dio.
Hala, buruzagi jeltzaleak Auzitegi Nazionalak Otegiri 2012 arte ezarri dion gaitasungabetzea izan du hizpide Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.
Ortuzarrek esan du ez zaiola "ongi" iruditzen Otegi "arrazoi horiengatik preso egotea". "Hortik aurrera, guztiak berdin jarraitzen du", gaineratu du.
Lehendakarigai izateko aukera izango ote duen galdetuta, buruzagi jeltzaleak azpimarratu du "beti bezala, azken unera arte bueltaka" ibiliko direla, eta azkenean, ebazpenak "ondorio politikoak" izango dituela.
"Uste dut horrelakoak ez direla onak politikarentzat. Uste dut argi zehaztu beharra dagoela lehendakarigai izan ahalko duen. Dena dela, koalizioak oraindik ez du esan bera aukeratuko ote duten lehendakarigai izateko, eta gu hipotesi hori elikatzen ari gara", azaldu du Ortuzarrek.
Horregatik, "Otegiren egoera injustua" dela uste duen arren, "funtsean Otegi erakusleiho politikoan jartzen" ari direla kritikatu du.