Politika -
Auzitegi Nazionala
Arnaldo Otegik ezingo du kargu publikorik izan 2021era arte
Hala berretsi du Auzitegi Nazionalak ebazpen batean. Epaiak gaitasungabetzea zer kasutarako den zehazten ez duela eta, defentsak helegitea jarri zuen, baina atzera bota dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Nazionalak berretsi egin du Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusiak ezingo duela kargu publikorik izan 2021eko otsailaren 28a arte, 'Bateragune auzia'n ezarritako zigorraren baitan. Beraz, Otegi martxoaren 28an aterako da espetxetik, baina ezingo litzateke hauteskundeetara aurkeztu.
Angela Murillo, Teresa Palacios eta Juan Francisco Martel epaileek osatzen duten Zigor-arloko laugarren sekzioak atzera bota du defentsak sei urteko gaitasungabetzearen kontra aurkeztutako helegitea. Auzitegi Nazionalak emandako epaian gaitasungabetze hori ze enplegu edo kargutarako den zehaztuta agertzen ez dela eta, zigor hori ez aplikatzea eskatu zuen ezker abertzaleko buruzagi ohiaren abokatuek.
“Interpretazio zabalak edo analogikoak onartezinak dira, segurtasun eza sortzen dutelako eta legalitatearen printzipioa urratzen dutelako; beraz, epai hori izan daiteke exekutatu, zigor horrek ze enpleguri edo kargu publikori eragiten dion zehazten ez delako eta datu hori agertzea ezinbesteko baldintza legala delako”, argudiatu zuen defentsak.
Auzitegi Nazionalaren ebazpenak ez du helegitearen funtsaren harira erantzunik eman, baina gogoratzen du Otegi 2004ko irailaren 4tik ari dela zigor hori betetzen (terrorismoa goratzeagatik ezarritako beste zigor bat bete ostean), eta 'Bateragune auzi'ko epaia 2013ko urtarrilaren 24an eman zutela eta orduan defentsak ez zuela kontrakotasunik adierazi, eta, ondorioz, sententzia irmo bilakatu zela.
Bestalde, Arnaldo Otegiren defentsak Auzitegi Gorenera joko du orain, Sortuko idazkari nagusia hauteskundeetara aurkezteko edo kargu publiko bat izateko debekua 2021eko otsailaren 28a arte mantentzeko Auzitegi Nazionalak hartutako erabakiaren aurka.
(EH Bilduren txioa, Auzitegi Nazionalaren erabakiaren berri izan ostean)
EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezker Anitzaren kritikak
Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak gogor kritikatu du Auzitegi Nazionalaren erabakia eta Arnaldo Otegi “hauteskundeetatik kanpo” utzi nahi dutela salatu du.
“Esku-hartze antidemokratiko honekin euskal politikagintza baldintzatu nahi dute; erabakiak agerian uzten du Estatuak beldurra diola Otegik izan dezaken paper politikoari”, azpimarratu du.
Casanova ziur agertu da Otegik “euskal politikagintzan paper garrantzitsua” izango duela eta “hauteskundeetara aurkezteko aukera izan dezan bide legal guztiak” jorratuko direla.
Eduardo Maura Ahal Duguren Bizkaiko diputatuaren hitzetan, “politika egin nahi dutenek eta bere proiektu politikoak demokratikoki defendatu nahi dutenek hauteskundeetara aurkezteko aukera izan behar dute”.
Ezker Anitza ere Auzitegi Nazionalaren erabakiaren aurka agertu da eta Arnaldo Otegi “dagozkion eskubide guztien jabe” aske uzteko eskatu du.
“Duela sei urte injustuki espetxeratu zuten, guztia ETA da kontzeptuaren baitan eta inongo jarduera terroristetan parte hartu zuela frogatu gabe”, gogoratu du.