Politika -
Negoziazioak
'Autogobernua errespetatuko duen Espainiako Gobernua' nahi du Urkulluk
'Euskal autogobernua errespetatu' eta 'eguneratzeko konpromisoa' hartzen duen Espainiako Gobernu oro kontuan hartu beharko litzateke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak gaur ziurtatu duenez, egungo Eusko Jaurlaritzak kontuan hartu beharko luke "euskal autogobernua" errespetatu eta "eguneratzeko konpromisoa" har dezakeen Espainiako balizko Gobernua.
Lehendakaria Francisco Dominguez Queretaroko gobernadorearekin elkartu da gaur Leioako Artaza jauregian eta, bileraren ondotik, Espainiako Gobernuaren osaketa izan du hizpide.
Urkulluk azpimarratu duenez, "desiragarria" litzateke "Estatu espainiarrean Gobernu bat izatea", alabaina, ez du zehaztu zein litzatekeen gobernu hori osatzeko "formula", hori alderdi politikoen gain dagoela argudiatuta.
Hala ere, ziurtatu du "euskal autogobernua errespetatu" eta, aldebikotasunean oinarrituta, "eguneratzeko konpromisoa" hartzen duen Espainiako Gobernu oro kontuan hartu beharko lukeela Eusko Jaurlaritzak.
Haren esanetan, alderdi politikoei dagokie akordio egokiak lortzea, baina azpimarratu du "bistakoa" dirudiela PPk Ciudadanosen babesa jasotzeko aukera baino ez duela eta ez duela aldeko jarrera alderdi nazionalistekiko eta autogobernuarekiko.
Urkulluren hitzetan, beste aukera PSOErena litzateke, baina "aurrez Podemosekin ados jarri beharko luke", gero, beste alderdi nazionalistei akordiora batzeko "aukera" emateko. "Dena den, Podemosekin formula adostu behar du lehendabizi", gaineratu du.
Presoak
Bestalde, lehendakariak adierazi du espero duela ETAko presoek onartzea ezker abertzaleak eskatutako estrategia aldaketa.
"Ona izango litzateke presoentzat eurentzat, horien senideentzat eta Euskadiko normalizazioarentzat eta bizikidetza politiko eta sozialarentzat", adierazi du.
Halaber, Eusko Legebiltzarreko bizikidetza lantaldea berreskuratzeko deia egin die Batasuneko 35 auzipetuek eta Fiskaltzak Auzitegi Nazionalean lortutako akordioa ontzat jo duten alderdiei.