Politika -
Gasteiz
PPk salbu, alderdi guztiek onartu dituzte Gasteizko aurrekontuak
EAJk, PSEk, EH Bilduk, Hemen Gaudek eta Irabazik adostutako aurrekontua 354 milioi eurokoa da. Marotok esan du Urtaranek “erradikaltasunaren alde” egin duela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk, Hemen Gaudek eta Irabazik akordio bat lortu dute Gasteizko Udalean 2016rako Aurrekontuak onartzeko. Alderdi Popularra soilik geratu da hitzarmenetik kanpo.
2016rako Aurrekontua 354 milioi eurokoa izango da, hasiera batean aurreikusitako baino 11,2 milioi gehiago, Gorka Urtaran alkateak jakinarazi duenez.
“Joan den ekainean Gasteizko Udalean aldaketa gauzatzea ahalbidetu genuen eta orain denok eman dugu zerbait Aurrekontuak denok artean adostu ahal izateko. Akordio honek agerian uzten du Udal Gobernuak adostasunaren bidez egin nahi dituela gauzak”, azaldu du alkateak.
“Aurrekontu hau bateragarria da hasiera batean aurkeztutako proiektuarekin”, erantsi du.
Urtaranen arabera, oso positiboa da gaur lortutako ituna, Gasteizko Udala osatzen duten 27 zinegotzietatik 18 eta sei udal taldeetatik bost bat etorri direlako.
Marotoren kritikak
Javier Maroto Alderdi Popularraren Gasteizko hautetsiak esan du Gorka Urtaran alkateak “erradikaltasunaren” alde egin duela, “moderazioaren” alde egin beharrean.
Maroto haserre agertu da eta Urtaranek EH Bilduk, Hemen Gaudek eta Irabazik osatzen duten ezkerrak “inposatutako aurrekontu alternatiboa” nahiago izan duela adierazi du.
“Gasteiz jarrera erradikaletara eraman nahi dute, hiria moderatua denean”, kritikatu du.