Politika -
11 hilabete desagertuta
Jon Anzaren ikerketak "huts egin" duela onartu du Frantziak
Fiskalak identitatea baieztatu eta ikerketa zabaldu dutela adierazi du. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak prentsa aurrekoa egingo du."Aurrekariak" kontuan izanik, Anza kasua argitzea nahi du Egibarrek.
Erredakzioa
Tolosako (Frantzia) gorputegian ostegunean topatutako hilotza Jon Anza ETAko kidearena dela baieztatu zuen atzo Anne Kayanikis Baionako Epaitegiko fiskalak. Horretaz gain, desagerpenaren nondik norakoak aztertzeko ikerketa bat zabaldu dutela jakinarazi du.
Kayanikisek Jon Anzaren desagerpenaren salaketaren ikerketan "huts egin" dutela onartu du, gorpua hamar hilabetez ospitaleko gorputegian egon zelako, Auzitegi-Medikuntzako Erakundeko kide batek bere laguna zen polizia bati gorpua bertan zegoela komentatu eta honek Jon Anzarekin erlazionatu zuen arte.
Anzaren senideek desagerpenaren salaketa jarri ostean, ikerketa ofiziala maiatzaren 18an hasi zela adierazi du fiskalak eta ospitale guztietara gutun bat bidali zela adierazi du, desagertutakoaren ezaugarriak zituen pertsonaren bat edo gorpuren bat ote zegoen jakiteko.
Ekainaren 4an, Baionako Fiskaltzak hainbat ospitaleren ezezko erantzuna jaso zuten. Jon Anzaren gorpua Tolosako (Frantzia) Purpan ospitalean zegoen, eta ospitale horren erantzuna ere ezezkoa izan zen.
Identifikazioa
"Azkenik, eta hainbat orduz borrokatu ondoren, Jonen senideei baimena eman zieten gorpua ikusteko" eta sendien batek adierazitakoaren arabera, "zalantzarik gabe" Jon da.
Erantzunik gabeko galderak
Oraindik ere erantzunik gabeko hainbat galdera daude, besteak beste, Anza hil zenean ospitaleak Poliziari abisua eman ote zion, eta kasu horretan, zer egin zuten; zein medikuk hartu zuen Anzaren kasua ospitalera heldu zenean; Poliziak hildakoaren eta haren senideen DNA bazuen ¿probak egin ziren?...
Ekitaldiak asteburuan
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak prentsa aurreko bat egingo du Baionan, 10:30etan Napoleon Hotelean. Bertan, senideen abokatuak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren, ezker abertzalearen eta Jon Anza Elkartearen hainbat kidek parte hartuko dute.
Horretaz gain, Donostiako Bulebarretik manifestazioa aterako da 17:30etan "Errepresioa eta gerra zikina amaitu!" lemapean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deituta.