Politika -
Estatuko Abokatutza
Puigdemonten kargu jabetzearen aurka egitea aztertzen ari dira
Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoaren arabera, hautetsiek “Konstituzioa beteko dutela zin egin edo agindu” behar dute karguaz jabetzeko orduan.
Agentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemont Generalitateko presidentearen kargu jabetzearen aurka jotzeko aukera aztertzen ari da Estatuko Abokatutza; izan ere, Gironako alkate ohiak ez zuen Konstituzioa betetzea eta erregeari leialtasuna zin egin, ezta agindu ere, Espainiako Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez.
Generalitateko jauregian egindako ekitaldian, Kataluniako presidente berria erregea eta Konstituzioa aipatu gabe karguaz jabetu zen. Kataluniarren borondatearekiko leialtasuna agindu zuen Puigdemontek.
Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoaren arabera, kargudun hautetsiek “Konstituzioa beteko dutela zin egin edo agindu” behar dute karguaz jabetzeko orduan, “karguaren baldintza guztiak betetzeko”.
Puigdemonten kargu jabetzeari adi egon behar zirela ohartarazi zuen Rafael Catala Justizia ministroak astearte goizean: “nola egin eta Konstituzioa errespetatzen ote duten edo urraketaren bat dagoen ikusteko”.
Foruduna
Hala, Puigdemonten kargu hartzearen aurka egitea aztertuko du orain Estatuko Abokatutzak. Dena den, Generalitateko presidentea foruduna dela gogorarazi beharra dago.
Legearen kontrako ekintzarik onartuko ez duela argi utzi zuen Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak iragan igandean. Konstituzioa, batasuna eta subiranotasun nazionala defendatzeko “irmotasunik faltako” ez zitzaiola azpimarratu zuen agintariak.