Politika -

Katalunia

Puigdemontek 'Kataluniaren borondatearekiko leialtasuna' agindu du

Carles Puigdemontek presidente kargua hartu du Generalitatearen Jauregian egindako ekitaldi instituzionalean.

Carles Puigdemont Kataluniako presidente berria. Argazkia: EFE
Carles Puigdemont Kataluniako presidente berria. Argazkia: EFE
Carles Puigdemontek bere kargua hartu du

1:45

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Generalitateko presidente berriak karguaren zina egin du eta “Kataluniako Parlamentuak ordezkatzen duen herritarren borondatearekiko leialtasuna” agertu du.

Generalitateko Jauregian egindako ekitaldi instituzionalean, Carmen Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak saihestu egin du Espainiako erregea eta Konstituzioa aipatzea eta honela zuzendu zaio Puigdemonti: "Zin egiten duzu Parlamentuan ordezkatuta dagoen Kataluniako herritarren borondatearekiko leialtasunez jardungo duzula Generalitateko presidente karguan?"; Puigdemontek baiezkoa eman du.

Puigdemontek Estatu propioa aldarrikatu du Kataluniarentzat eta independentzia egingarria dela azpimarratu du. “Ezinezkoa dela esatea iritzi bat da”, erantsi du Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiak egin zuen adierazpena bere eginez.

Bestalde, Estatu espainiarraren aurka egin du, Katalunia finantziazioaren ikuspuntutik “itota eta umiliatuta daukalako”.

Espainiako Gobernuak Katalunian inbertsiorik egiten ez duela eta bere nortasuna gutxiesten duela salatu du.

Gauzak horrela, Kataluniako Gobernu berriak "autonomiatik harago joango den lanabesak" behar dituela nabarmendu du.

Puigdemontek azaldu du bere asmoa Kataluniako herritarren bizi eta lan baldintzak hobetzea dela; kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea; ingurumena zaintzea; eta Katalunia nazioartearekiko solidarioa izatea.

Alabaina, “herritarrei argi eta garbi esan behar diegu hori guztia ezinezkoa dela Katalunia autonomikoan”, erantsi du.

Artur Mas eta Carme Forcadell alboan zituela, Gaziel kazetariaren aipu bat erabiliz amaitu du agerraldia: “Hutsegin dezaket, baina erostezina naiz. Parlamentuaren mandatua ohore handiz beteko dut”.

Puigdemonten kargu-hartze ekitaldian Jorgre Fernandez Diaz jarduneko Barne ministroa eta Llanos de Luna Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkaria izan dira.

Bestalde, Estatuko Abokatutzak dagoeneko iragarri du Carles Puigdemontek Generalitateko presidente kargua hartzeko ekitaldian Konstituzioaren zina ez egiteagatik deliturik egin duen ala ez argitzeko neurriak hartuko dituela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma gaur Gaurko azken ordukoa Kataluniako Hauteskundeak gaur Pere Aragonès albisteak