Politika -

AUTOGOBERNURAKO LANTALDEA

EAJk autogobernu handiagoa proposatu du, baina 'hausturarik gabe'

Alderdi jeltzaleak bi kontsulta egitea proposatu du, eta "aldebakartasuna"  baino gehiago, "negoziazioa" nahiago duela adierazi du.

Negoziazioa eta akordio bikoitza proposatzen du EAJk estatus berrirako

1:46

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk autogobernu handiagoa lortu nahi du Euskadirentzat, "euskal nortasun nazionala" eta erabakitzeko eskubidea aitortuta, baina "esparru legalaren baitan", hau da, "hausturarik" eta independentzia barik.

"Alderdi independentista gara eta ez diogu uko egingo, baina zentzuzko oinarri batzuk proposatu ditugu, hainbat hamarkadatarako Euskadiren etorkizunari buruzko akordio bat lortzen saiatzeko. Proposamenak ez dakar ez hausturarik, ez independentziarik, ez konformismorik egungo autogobernuarekin", adierazi dute EAJtik.

Alderdiek Euskadiren estatus politikoa erreformatzeko proposamenak entregatu dituzte gaur Eusko Legebiltzarrean, eta autogobernuari buruzko lantaldean aztertuko dituzte.

EAJren proposamenak bi printzipio jasotzen ditu: "legaltasuna" (balizko erreforma Konstituzioaren arabera egitea) eta "demokratikoa" (Estatuak negoziazioa irekitzea onar dezan).

Gainera, jeltzaleen proiektuak bi puntu ditu oinarri: euskal nortasun nazionalaren aitorpena eta erabakitzeko eskubidea.

Horren haritik, Euskal Herria "erabakitzeko eskubidea duen subjektu politikoa" izatea defendatu du EAJk, eta hori Konstituzioan aitortutako eskubide historikoak gaurkotuz gauza daitekeela uste du, hots, Konstituzioa bera erreformatu barik, hori egiteko prest agertu bada ere.

EAJren aburuz, "borondate politikoa" baldin badago, posible izango litzateke Estatutua erreformatzea Konstituzioa ukitu gabe, eskubide historikoen prozedura erabilita.

Autogobernua berrituta, Euskadik eskuduntza gehiago izango lituzke, eta aldebiko harreman bat Estatuarekin.

Eusko Legebiltzarrean alderdiek onartutako oinarriak aintzat hartuta, Estatutuaren erreforma idatziko lukete.

Horren ondoren, EAJk bi kontsulta egitea proposatu du: "gaikuntza-galdeketa" bat, Legebiltzarrak testu berria onartu eta gero eta Espainiako Gorte Orokorretara igorri baino lehen; eta erreferendum lotesle bat Kongresuak eta Senatuak erreforma onartu ondoren.

Alderdi jeltzalearen esanetan, "ez dugu aldebakartasuna babesten, baizik eta negoziazioa".

MAM-eko argazkia: hasier-arraiz_

Hasier Arraiz. EiTB

EH Bildu

Bestalde, EH Bilduk Euskal Estatua sortzeko "aldebakarreko bidea" hastea proposatu du, "erabateko subiranotasuna" oinarri hartuta, eta "muga bakarra" euskal gizartea izanik.

Koalizioak gaur goizean aurkeztu du estatus politiko berri baterako proposamena, Gasteizko Legebiltzarreko Autogobernuaren Lantaldean, gainerako alderdien proposamenekin batera, eztabaidatuko dena.

Lantalde horren lana 2014ko martxoaren 27an hasi zen Gernikako Estatutua gaindituko lukeen marko juridiko berri bat adosteko helburuarekin, eta gaur amaitzen da proposamenak aurkezteko epea.

Unai Urruzuno EH Bilduren legebiltzarkideak Legebiltzarrean eman duen prentsaurreko batean azaldu du ez dela posible estatus politiko burujabe berria edukitzea Espainiako Estatuaren barruan, "Madrilek sekula ez diolako aitortuko Euskal Herriari nazio izaera".

Horregatik, koalizioak "prozesu eratzaile baterako" oinarriak sortzea babesten du, hezkuntza, justizia, osasun eta gizarte segurantza sistema propio bat izango lukeen Euskal Estatua helburu, hau da, "erabateko burujabetza" helburu.

Horregatik, erkidegoetako egiturak erakunde burujabe bihurtzea aldarrikatu du.

EH Bilduk ez du zehazten zein izango den Estatua lortzeko egin beharreko lana, eta EAEn zentratzen bada ere, Euskal Herria osatzen duten lurraldeek, bakoitzak bere aldetik, "prozesu eratzailea" hasi behar duela azaltzen du, bakoitzak bere erritmoarekin eta prozedurekin, eta herritarren oniritziarekin.

idoia mendia pse autogobernua efe

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusia. Argazkia: Efe

PSE-EE

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak Gernikako Estatutua erreformatzeko testu bat aurkezteko eskatu dio lehendakariari, "adostasuna eta herritarren ongizatea" lortzeko helburuarekin, eta "legezko prozedurak errespetatuz".

Independentzia lortzeko bideak errefusatu ostean, "autogobernua sozialki indartzearen alde" egin du. Gainera, estatutu "modernoa, erabilgarria eta solidarioa" eskatu du, "euskal herritarrek benetako Konstituzio gisa har dezaten".

Bilbon emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, sozialistek autogobernurako lantaldean aurkeztuko duten proposamenak "Konstituzioaren erreforma federala" aldarrikatuko du, horrek "berme eta segurtasun juridikoa" emango liokeelako estatutuaren erreformari.

"Horregatik, erreforma konstituzionala nahi dugu lehenik, eta estatutuarena, gero. Ez dugu utziko nazionalistek kataluniarren bidaia egitera behartzea",  adierazi du.

Horren harira, "erreferenduma bai, baina legezkoa" izan behar dela ohartarazi du. "Kontsulta zatitzailerik ez, estatutua erreformatzeko akordio bati buruzko erreferenduma baizik", gaineratu du.

Eskaera horren aurrean, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak errefusatu egin du Iñigo Urkullu lehendakariak Estatutua erreformatzeko testu bat aurkezteko aukera, "ez dagokion leku batean sartzea" izango litzatekeela iritzita.

borja semper pp autogobernua efe

Borja Semper. Argazkia: Efe

PP

Azkenik, PPk uste du ez dela beharrezkoa Gernikako Estatutua erreformatzea, EAEren arazoak konpontzeko ez delakoan markoa aldatu behar, Lurralde Historikoen eta Udal legeak baizik. Gainera, eztabaida horietan Kataluniako prozesua eta Ibarretxe plana ez direla aitatu ere egin behar azpimarratu du.

Semperrek Donostian emandako prentsaurreko batean aitortu duenez, Estatutua, Konstituzioa legez, "erreformatu egin daiteke" Legebiltzarrean nahikoa babes lortuz gero.

Hala ere, PPk ez omen du Gernikako Estatutuaren erreforma eskatzen duten "arazo larririk" aurkitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra bideoak EAE albisteak Gaurko azken ordukoa