Politika -
Katalunia
Felipe VI.ak errefusatu egin du Carme Forcadell hartzea
Erregeak dagoeneko sinatu ditu Mas kargutik kentzeko eta Puigdemont izendatzeko dekretuak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak posta elektronikoz jakinarazi dio gaur Felipe VI.a Espainiako erregeari Carles Puigdemont Generalitateko buruaren inbestidura, Errege Etxeak hala eskatuta.
Kataluniako Parlamentuak Felipe VI.ak Forcadell hartzea eskatu zion atzo Errege Etxeari, inbestiduraren berri eman diezaion, baina Zarzuelak errefusatu egin du aurrez aurreko bilera egitea, eta izapidea posta elektronikoz egitea eskatu dio.
Aurreko legegintzaldian ere, Nuria de Gispert emailez jakinarazi zion Juan Carlos I.a orduko erregeari Artur Masen inbestidura, baina monarkari ebakuntza egin berri ziotelako. Izan ere, izapide hori aurrez aurre egitea da ohikoena.
Forcadellek mezu elektronikoa igorri eta gero, erregeak bi dekretu sinatu ditu. Bat, Masen kargu-uztearena, eta, beste bat, Puigdemonten inbestidurarena. Bihar publikatuko dituzte Estatuaren Aldizkari Ofizialean (BOE).