Politika -
Hauteskunde osteko itunak
Sanchezek eskaintza egingo die Podemosi eta C's-i gobernua osatzeko
"PSOEren borondatea zubiak eraikitzea eta eskua ezkertiarrei eta eskuindarrei ematea da", adierazi du PSOEren buruak.
agencias | redacción
Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak jakinarazi du eskaintza bat egingo diela Podemosi eta Ciudadanosi gobernu "aurrerakoia eta erreformista" osatzeko, hiru alderdiek "aldaketa nahian" bat egiten dutela iritzita.
Sanchezek Ferrazeko egoitzan egin ditu adierazpenok, Exekutiba Federalaren bileraren ostean emandako prentsaurreko batean.
"PSOEren borondatea zubiak eraikitzea eta eskua ezkertiarrei eta eskuindarrei ematea da. Bai Podemosekin bai Ciudadanosekin elkar ulertu nahi dut. Hori da nire borondatea", adierazi du idazkari nagusi sozialistak.
Haren esanetan, "puntu komun asko" dituzte gizarte, ekonomia, demokraziaren biziberritze eta konstituzio erreformen alorrean.
"Aldaketak batzen gaitu hiruok, aldaketa aurrerakoia, aldaketa erreformista, gure bizitza biziberrituko duen aldaketa, azken lau urteotan horrenbeste kaltetutako ongizate estatua berreraiko duena, eta Kataluniako elkarbizitza zatiketari amaiera emango dion aldaketa", azpimarratu du.
Gainera, Sanchezek ez dizkio ateak itxi PSOE buru izango lukeen Gobernu batean Podemos eta Ciudadanos ere sartzeari.
"Egonkortasuna modu askotan berma daiteke, Gobernuaren barruan eta kanpoan. Garrantzitsuena ibilbide orri bat partekatzea da, eta ziur nago bai Podemosek bai Ciudadanosek ibilbide orri horren zati handi bat parteka dezakegula, bai gizarte alorrean bai demokraziaren biziberritzean", azaldu du.