Politika -

Katalunia

Junts pel Siren eta CUPen arteko akordioaren gakoak

Akordioak presidente bat izendatzea, legegintzaldiari hasiera ematea eta hauteskundeak deitzea saihestea ahalbideratzen du.

Artur Masek albora pauso bat eman du eta Puigdemont proposatu du Generalitateko presidentegai. EFE
Artur Masek albora pauso bat eman du eta Puigdemont proposatu du Generalitateko presidentegai. EFE
Artur Masek albora pauso bat eman du eta Puigdemont proposatu du Generalitateko presidentegai. EFE

EITB.EUS | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Junts pel Sik (JxSi) eta CUPek akordioa erdietsi zuten atzo azken orduan eta horrek legegintzaldiari hasiera ematea eta hauteskundeak berriz ez egitea ahalbideratuko du.

Bi aldeen arteko akordio horren baitan, Artur Masek erretiratu egin du Generalitateko presidente izateko haren hautagaitza eta berak proposatu du presidentegai berria: Carles Puigdemont, egungo Gironako alkatea. Halaber, Kataluniako Parlamentuak lehendabiziko bozketan izendatuko du Carles Puigdemont Generalitateko presidente. Ordainetan, CUPeko bi diputatu Junts pel Siren dinamikara igaroko dira; horrenbestez, ez independentistekin alderatuta, talde horrek diputatu gehiago izango ditu Parlamentuan (64).

Jarraian, Junts pel Sik eta CUPek adostu duten akordioaren testu osoa.

Kataluniako Parlamentuaren egonkortasuna bermatzeko eta legegintzaldi honetan gobernuaren ekintza indartzeko, CUP-Crida Constituent taldeak konpromiso hauek hartu ditu:

1.- Prozesuaren kontrako edota erabakitzeko eskubidearen kontrako alderdiekin bat ez egitea Gobernuaren egonkortasuna jokoan dagoenean.

2.- CUP-CCko bi diputatu Junts pel Si talde parlamentarioaren dinamikara igaroko dira modu egonkorrean. Deliberazio guztietan parte hartuko dute eta taldearekin batera arituko dira lehendabiziko puntuan adierazitakoa bete dadin.

3.- Inbestidura saioko lehendabiziko bozketan izendatzea Generalitateko jarduneko presidenteak proposatutako presidentegaia (Junts pel Si talde parlamentarioko kideen artean aukeratu beharko du).

4.- CUP-CCk onartzen du litekeena dela prozesua ulertzeko duen moduak arriskuan jarri izana herritarren bultzada eta hautesleriaren gehiengoak independentziarako prozesuaren alde adierazitako gehiengoa. Negoziazioak bi aldeak higatu ditu eta baita independentismoaren aldeko oinarri soziala ere. Akatsak onartu behar dira Junts pel Sirekiko erakutsitako beligerantzian, bereziki, independentzia prozesuarekin eta horrek berekin dakarren prozesu eratzailearekin lotuta. Burujabetzarako egiturak eta markoak eraikitzeak justizia sozialeko eta parte hartze demokratikoko kuotak handitzeko aukera emango digu. Hori guztia dela eta, etapa politiko honetan diskurtsorako eta mobilizaziorako indarrak berreraikitzeko konpromisoa hartzen du CUP-CCk, hori posible egiten duten eragile guztien defentsa aktiboa egitea barne.

5.- Beharrezkoa den neurrian talde parlamentarioa berritzeko konpromisoa hartzen du CUP-CCk, etapa aldaketa bat irudikatzeko eta negoziazio prozesuaren bilakaeran izan duen ardura zatia bere gain hartzeko. Inbestidura saioa amaitu eta berehala egingo dira aldaketak talde parlamentarioan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Eguneko albisteak Kataluniako hauteskundeak Artur Mas argazkiak