Politika -
Aroztegiko proiektua
Ayerdi eta Elizalderen dimisioa eskatu du 'Aroztegia eta Gero Zer?'k
Geroa Bai Aroztegiako proiektuaren alde dago, baina Foru Gobernua osatzen duten beste alderdiek ez dute plana babesten. UPN bezala jokatzea egotzi dio proiektuaren kontrako plataformak Geroa Bairi.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Aroztegia eta Gero Zer?" plataformak eta Sustrai Erakuntza fundazioak Isabel Elizalde Nafarroako Tokiko Administrazio eta Ingurumeneko kontseilariaren eta Manu Aierdi Foru Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariordearen dimisioa eskatu dute baldin eta Aroztegiako proiektu turistikoa atzera botatzen ez baldin badute.
Aroztegiako konplexu turistiskoaren aurkako jarrera agertu duten taldeek ohar bidez salatu dutenez, proiektuak aurrera egiten badu luxuzko hotela, golf zelaia eta 232 etxebizitza eraikiko dira Baztanen, Lekarozen.
Abenduaren 30ean Nafarroako Foru Gobernuko zerbitzu juridikoek atzera bota zituzten Aroztegiako planaren aurka Lekarozko Udalak eta Baztango Batzar Nagusiak aurkeztutako helegiteak.
Ildo horretan, "Aroztegia eta Gero Zer?" plataformak eta Sustrai Erakuntza fundazioak onartu dute UPNren Gobernuak eman ziola hasiera Aroztegiako PSIS planari, baina Foru Gobernuak "bidegabekeria hori babestea" erabaki duela. Horien esanetan, UPNk modu zikinean hartu zuen erabakia eta orain Geroa Bairen Gobernuak "modu berean" jokatu du.
"Geroa Baik gutxi batzuen interes espekulatiboak lehenetsi ditu herritarren interes orokorren gainetik", aldarrikatu dute. Horien esanetan, "ez dago gizarte alorreko justifikaziorik gaur egun 359 bizilagun bizi diren herrian 228 etxebizitza eraikitzeko".
Proiektuaren aurkako taldeek erantzukizunak eskatu dituzte. Ildo berean, azpimarratu dute Nafarroako Foru Gobernuaren akordioaren kontrako salaketa bideratzen ari direla eta Aroztegiako proiektua eta Nafarroako gainerako proiektu espekulatiboak geldiarazteko lan egingo dutela.
Aroztegiako proiektuak iritzi kontrajarriak eragin ditu Foru Gobernuaren baitan: Geroa Bai Aroztegiako proiektuaren alde dago, baina Foru Gobernua osatzen duten beste alderdiek ez dute plana babesten.