Politika -
Ezezkoa Artur Masi
Junquerasek edo Romevak CUPen babesa izango lukete, Gabrielen esanetan
CUPeko diputatuak ez du baztertu haren alderdiak Artur Mas ez den Convergènciako beste hautagairen bat babestea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Katalunian hauteskundeak errepikatzea saihesteko "hausnarketa" egitea eskatu dio Anna Gabriel CUPeko diputatuak Junts pel Siri. Gabrielek ziurtatu duenez, haren alderdiak "ahobatezko" babesa emango lioke Oriol Junqueras ERC buruzagiari edo Raül Romeva ICVko kide ohiari, bietako bat Kataluniako presidente izateko hautagai gisa aurkeztuz gero.
CUPek Artur Masen inbestidura ez babestea erabaki ostean, Anna Gabrielek azpimarratu du haren alderdiak ez duela hauteskundeak berriz egiterik nahi; aitzitik, haren esanetan, hori ez dago CUPen esku.
Gabrilelen esanetan, hauteskundeak berriz egingo balira CUP independentzia prozesua "bizkortzeko" asmoz aurkeztuko litzateke, CUPen lehentasuna hori dela argudiatuta.
Catalunya Radiori eskainitako elkarrizketan, Gabrielek adierazi du Junts pel Siren baitan "ERCra lotutako pertsona batek, Oriol Junqueras kasu" edota "Raul Romevaren profil independenteak" CUPen "ahobatezko babesa" izango lukeeela balizko inbestidura saioan.
Anna Gabrielen hitzetan, bietako edonorekin posible litzateke legegintzaldia "egonkortasun gehiagorekin" hastea, gizarte politika "argi eta garbiak" egitea eta independentismoaren "oinarri soziala" zabaltzea.
Bestalde, Gabrielek ez du baztertu haren alderdiak Artur Mas ez den Convergènciako beste hautagairen bat babestea, Neus Munte Generaliteko jarduneko presidenteordea zeharka aipatuz.
Ildo horretan, Anna Gabrielek Junts pel Siri ohartarazi dioenez, oraindik ere "mugimenduren" bat egiteko astia dago hilaren bederatzia bitartean. Are gehiago, gogoratu du Artur Masek duela hilabete batzuk esan zuela hauteskunde zerrendako "lehena edo azkena" izan zitekeela, gero laugarren postuan aurkeztu bazen ere.
Antonio Baños CUPeko talde parlamentarioko buruak dimisioa emango duen galdetuta, ez duela horrelakorik uste esan du Gabrielek: "Nire ustez ez da hori garai honek eskatzen duena".
CUP barneko eztabaida agerian gelditu bada ere, Gabrielen esanetan ez da zatiketa "handietsi" behar horrek ez ei diolako alderdiaren "proiektu politikoari" eragiten.