Politika -

Gabonetako mezua

Barkosek aldaketa 'barea' gauzatzen ari direla goraipatu du

Nafarroako presidenteak datorren urterako erronkak aurkeztu ditu, eta ekonomia izango omen da Gobernuaren jardunaren zutabea.

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuaren presidentea. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuaren presidentea.
Uxue Barkos Nafarroako presidentearen diskurtsoa, oso-osorik

9:47

erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuaren presidenteak Gabonetako mezuan esan du Gobernuaren "irmotasunari eta egonkortasunari" esker aldaketa "eraginkorra, barea eta iraunkorra" dela.

Nafarroako Gobernuaren presidenteak uste du maiatzaren hauteskundeen ostean "anitza eta herritar guztiei zabaldutako" Gobernuaren eredu berri bat ezarri dela. Horren harira, Nafarroako gizarteari eskerrak eman dizkio "Gobernu aldaketa normaltasun osoz hartzeagatik".

Uxue Barkosek estatuko politikaren gaurkotasunaz ere aritu da eta, testuinguru horretan, Nafarroa jarri du eredu modura; izan ere, Nafarroan, lau alderdi "programa-akordio bat negoziatzeko eta adosteko gai izan dira eta, hari esker, politika sozialagoak, integratzaileagoak garatu ditzakegu, finean nafar guztiei bizi-kalitate handiagoa ematea bilatzen dutenak".

Aurrerago, presidenteak Gobernuak bost hilabete hauetan egindako lanaz hitz egin du, eta egindako zerga-erreforma nabarmendu du, "erreforma horrek progresibitatean eta berdintasunean aurrera egiten" lagundu duelakoan. Gainera,  aurrekontuen proiektua ere azpimarratu du, "hiru urtetan kontu publikorik izan ez ondoren".

2016rako erronkak

Datorren urterako aurreikusitako erronken eta proiektuei dagokienez, Nafarroako Gobernuaren presidenteak "suspertze ekonomikoa" azpimarratu du, ikerketa eta kalitatezko enpleguarekin batera.

Autogobernuaren babes "irmoa" da presidenteak 2016rako duen beste erronketako bat; urte horretan hitzarmen ekonomikoa eguneratu behar baita. "Gero eta autogobernu handiago, orduan eta oparotasun eta ongizate handiagoa izango dugun uste osoarekin; baina horrek erantzukizun handiagoa ere eskatzen du", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Uxue Barkos bideoak Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua berriak