Politika -
Gobernagarritasuna
Iglesiasek herritarren erreskatea lehenetsi du Rajoyren aurrean
Espainiako Gobernuaren jarduneko presidentea Riverarekin ere elkartu da, eta horrek esan dio ez diola inbestiduran babesik emango.
Agentziak | Erredakzioa
Pablo Iglesias Podemoseko buruzagia hartu du gaur Mariano Rajoy Gobernuko jarduneko presidenteak Moncloa jauregian, eta bi orduz egon dira bilduta, Pedro Sanchez PSOEren buruarekin halako bi. Igandeko hauteskunde orokorren ondoren Gobernua osatzeko aukerak aztertzeko bilera-sorta egiten ari da Rajoy, eta geroxeago Albert Rivera Ciudadanosen buruarekin elkartu da.
Iglesiasek esan du "premiazkoa" dena Parlamentuak "larrialdi sozial" egoerari erantzutea dela, eta horixe dela lehentasuna beste alderdiekin negoziatzen duenean; Espainiaren batasunaren uko egin gabe, baina "demokraziatik", erabakitzeko eskubideari erreferentzia eginez.
Podemosen idazkari nagusiak esna du une honetan ez dela "Iglesiasek Rajoyri esan dio orain ez dela "eserlekuez hitz egiteko garaia, Espainiaz hitz egitekoa baizik".
Hala, herritarren arazoez eztabaidatu beharra dagoela adierazi dio, eta lehentasuna Parlamentuak funtzionatzea dela.
Iglesiasek bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, "PPren hautagaiak badaki Podemosek inola ere ez duela berak edo PPk gidatutako Gobernua babestuko".
Pablo iglesiasi behin eta berriz galdetu diote erreferendumaren defentsa baztertzeko asmoa ote duen PSOErekin akordio batera iristeko eta, erreferendum hitza aipatu ez badu ere, bere jarrera oso argia eta ezaguna dela berretsi du.
"Esan duguna beti errepikatu dugu: Espainiaren batasuna demokraziatik babesten dela ulertzen ez duenak, eta Estatuaren aniztasuna eta nazio aniztasuna ulertzen ez duenak, ez du ezer ulertzen. Duela astebete esandako gauza bera errepikatzen jarraitzen dugu", azpimarratu du.
"Hori bai, premiazkoa" dena "urtarrilaren 13an" Parlamentuan lanean hastea dela iritzi dio, "espainiarrek ezin baitute itxaron, eta ez dituzte merezi herritarren arazoez hitz egin beharrean aulki jokoez hitz egiten ari diren ordezkariak".
Hala, "25 Legea" lehenbailehen onartzean jarri du arreta Iglesiasek. Podemosek Parlamentua osatzen den egunean bertan aurkeztuko du, eta helburua herritarrak argindarrik gabe eta etxerik gabe ez geratzea, indarkeria matxistaren biktimei aterpea ematea eta pentsiodunen koordainketari amaiera ematea izango da.
Era berean, PSOEri antzerkirik ez egiteko eta PPren Gobernuari bide emango ote dion argitzeko eskatu dio. Izan ere, sozialistak ez omen dira maila ematen ari, ez daudelako herritarren arazoez kezkatuta eta Estatuaren nazio aniztasuna ulertzen ez dutelako, erabakitzeko eskubidea errefusatuta.
Riveraren eta Rajoyren bilera. Argazkia: Efe
Bestalde, Albert Rivera Ciudadanosen presidenteak baieztatu egin dio Espainiako Gobernuaren presidenteari ez duela inbestiduran babestuko, eta ez dela Ciudadanos buru ez duen Gobernu batean parte hartuko. Era berean, oposizio "arduratsu eta erabilgarria" izango dela azpimarratu du.
Ordubete inguruko bileraren ostean, Riverak esan du oposiziotik sustatuko dituela egiturazko erreforma ekonomiko eta sozialak, hezkuntzatik hasi, eta hauteskunde sistemaraino.
Riverak argi adierazi nahi izan du "espainiar guztien batasuna" ezin dela "negoziatu", eta berretsi du ez duela Espainiaren zatiketa aurreikusten duen ibilbide orririk babestuko.
Gobernuaren buru izateko agintea jaso zuela esan die Rajoyk
Azkenik, Espainiako Gobernuak prentsa-ohar batean azaldu duenez, Rajoyk esan die hauteskunde orokorren "agindu demokratikoa" duela Gobernu berriaren buru izateko.
Rajoyk azpimarratu du presidente izaten jarraitzeko zilegitasuna duela PP bozkatuena izan zelako, eta gogorarazi du Espainiaren demokrazian beti agindu duela bozkatuenak, aldea txikiagoa ere izan den arren.
PPk PSOEri zazpi puntu eta 30 eserleku baino gehiagoko aldea atera ziola eta 17 erkidegotik 13tan irabazi zuela gogorarazi omen die, era berean, hori justifikatzeko.
"Emaitza horiek espainiarren borondatearen adierazpide argia eta ukeezina dira eta, logika demokratikoan, Gobernua osatzeko agindua izan beharko litzateke", Espainiako Gobernuaren arabera.
Gainera, espainiarren gehiengo zabalak ordena konstituzionala, Espainiaren batasuna, subiranotasun nazionala, espainiarren arteko berdintasuna, Espainiak EBn eta munduan jokatzen duen papera, eta terrorismoaren eta indarkeriaren kontrako borroka babestu zutela gogorarazi die Iglesiasi eta Riverari.