Politika -
Bilera informala
Itunei buruzko proposamena aurkeztu die Sanchezek PSOEko baroiei
PSOEren Batzorde Federala elkartuko da astelehenean eta bertan abenduaren 20ko hauteskundeen ondorengo egoera aztertuko dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak bilera informala egingo du gaur alderdiko baroiekin eta hauteskunde osteko negoziazioei begira duen itun proposamena aurkeztuko die.
PSOEren Batzorde Federala elkartuko da astelehenean eta bilera horretan abenduaren 20ko hauteskundeen ondorengo egoera aztertuko dute sozialistek.
Sozialisten artean barne eztabaida piztu da aste honetan, inbestidura plenora begira alderdiak ezarri beharko lituzkeen negoziazio ildoen inguruan. Batzorde federalaren bileran, beste alderdiekin balizko gobernu itunak osatzeko gutxieneko oinarriak finkatzea dute helburu.
Gaurko bileran adostutako erabakia biharko PSOEren Batzorde Federalean bozkatuko dute, hots, PSOEren organo gorenean. Susana Diaz Andaluziako Juntako presidenteak azpimarratu zuen Batzorde Federalak duela hauteskunde itunak definitzeko gaitasuna.
Itunen politika alderdiko "Komite Federalean" erabakitzen dela gogorarazi zion Andaluziako Gobernuko presidente Susana Diazek ostegun honetan PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchezi. Halaber, azpimarratu zuen "denen artean" "Espainiak behar duena mahai gainean jartzeko" gai izan behar dutela eta alderdiak "herrialdearen egoerak eskatzen duen bezala" jokatu behar duela.
Diazen esanetan, sozialistek ezin dute Mariano Rajoy edo PP babestu; izan ere, "kalte handia egin dute, eta hori da herritarrei eman diegun hitza", baina, "noski", egia da ere ezin dela negoziatu "Espainiarekiko haustura eta subiranotasuna planteatzen dituzten indar politikoekin" (Podemosi erreferentzia eginez).
Ildo berean mintzatu da Guillermo Fernandez Vara Extremadurako presidentea ere. Haren hitzetan, sozialistek ezin dute Podemosekin gobernatu horiek autodeterminazioari muzin egiten ez dioten bitartean.