Politika -
Gobernagarritasuna
Sanchezek ez du etsiko Podemosekin 'Estatuko lurralde-batasunean'
PSOEko idazkari nagusiak igandean egingo du, asteleheneko Batzorde Federalera joan aurretik, bilera informal bat, lurralde-agintariekin, adostasuna indartzeko asmoz.
Agentziak | Erredakzioa
PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchezek aseguratu du ez duela etsiko Podemosen aurrean "Estatuko lurralde-batasunari dagokionez"; halaber, saiatuko da bere alderdiko lurralde-agintarien buruan sartzen honakoa: aipatutako indar politikoarekin gobernagarritasuneko balizko itun batek ez lukeela ekarriko Kataluniako autodeterminazioaren gaineko erreferendum bat.
Gaur, larunbatean, "El País" egunkariak argitaratu duenez, Sanchezek bere buruari proposatu dio "PSOE ezkerren itun batean biltzea, Espainiako lurralde-batasuna errespetatzen duen akordioan". Egunkari horri egindako adierazpenetan, Sanchezek zehaztu du "inoiz ez" duela negoziatuko Espainiako batasunari eragiten dion "ezer", eta horrela esan diola Podemoseko idazkari nagusi Pablo Iglesiasi.
Sanchezek dio "inoiz ez ginatekeela egongo ados horri dagokionez", eta akordiorik egoteko edozein aukera blokeatuko lukeela.
Astelehenean, Komite Federala; igandean, bilera informala
Gainerako indar politikoekin negoziatzen hasteko mugak PSOEk astelehenean duen Batzorde Federalean azaldu ditu Sanchezek; hala ere, igande honetan bilera informala egingo du, adostasun-maila sendotzeko, lurralde-agintariekin.
Agintari batzuek (Andaluziakoak, Gaztela-Mantxakoak edo Extremadurakoak, adibidez) esan dute ez daudela ados Gobernua osatzeko Podemosen babesa izateko aukerarekin; izan ere, Podemosek erreferendum bat eskatuko luke Kataluniarako. Susana Diazek Podemosekin ez negoziatzea eskatuko du Batzorde Federalean, Iglesiasen alderdiak "Espainia apurtu nahi duelako"; Podemoseko Iñigo Errejonek honakoa esan du: Kataluniari Estatuarekin duen erlazioaz entzuteko prest ez daudenak, ez direla gai Espainiako batasuna bermatzeko.