Politika -
PSOE
Susana Diazek, Sanchezi: 'Itunak Komite Federalean erabakitzen dira'
PSOEko idazkari nagusiak Albert Rivera Ciudadanoseko presidentea deitu du, esateko aukera guztiak probatuko dituela beste hauteskunde batzuk deitu aurretik.
Agentziak | Erredakzioa
PSOE-Ako idazkari nagusi eta Andaluziako Gobernuko presidente Susana Diazek gogorarazi dio ostegun honetan PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchezi itunen politika alderdiko "Komite Federalean" erabakitzen dela.
Diazek Ser katean egin ditu adierazpenok eta Europa Pressek jaso ditu haren hitzak. Hain zuzen, asteazkenean Sanchezek esan zuen bat egiten zuela Diazekin gobernagarritasunaren gainean esandakoarekin, baina nabarmendu zuen Andaluziako presidenteak "alderdi-kultura" duela eta nazio-mailako lerro politikoa zuzendaritza federalak eta idazkari nagusiak (Sanchezek berak) zehazten dutela.
Andaluziako PSOEko liderraren esanetan, itunen politika "Komite Federalean" erabakitzen da, eta bertan plazaratuko du berak bere iritzia, datorren asteleheneko bileran.
Diazek uste du egun horretan "guztion artean, Espainiak behar duena jarriko dugu mahai gainean, eta PSOE herrialde honetako mailan izango da; gure historian zehar izan gara eta seguru nago, berriro izango gara", azpimarratu du. Diazek esan du Andaluziako sozialistek badakitela alderdiak ez duela Estatu-mailan gehiengoaren konfiantza jaso, nahiz eta Andaluzian laugarren aldiz jarraian irabazi duen; hortaz, orain demokraziak esaten duena errespetatu behar da.
Nabarmendu ere nabarmendu du ezin dutela Mariano Rajoy edo PP babestu; izan ere, "kalte handia egin dute, eta hori da herritarrei eman diegun hitza", baina, "noski", egia da ere ezin dela negoziatu "Espainiarekiko haustura eta subiranotasuna planteatzen dituzten indar politikoekin"; Podemosi buruz hitz egiten esan du hori Susana Diazek: "Gauzak hala, denek egin beharko dute hausnarketa; ezkerretik politika erabilgarria egin nahi dutenek ere", amaitu du Susana Diazek.
Sanchezek Rivera deitu du, eta esan dio "aukera guztiak probatuko dituela" beste hauteskunde batzuk deitu aurretik
Bitartean, Pedro Sanchezek Albert Rivera Ciudadanoseko presidentea deitu du, eta bermatu dio aukera guztiak probatuko dituela, beste aukerarik izan ez arte, hauteskundeak errepikatzeko deia egin aurretik. Horrela adierazi diote Europa Pressi sozialisten iturriek. Halaber, Sanchezek ondorengoa ere esan dio Riverari: hobe dela aniztasuna egotea Diputatuen Kongresuko Mahaian.
Albert Riverak erantzun dio ez duela inoiz babestuko Espainiarekiko hausturaren alde egiten duen alderdi bat. Hain zuzen, Ciudadanoseko presidenteak esan dio Sanchezi beharrezkoa dela legealdia abian jartzea.
Ciudadanos abstenituko da PP eta PSOE "bakarrean" aurkezten badira
Bestalde, Fernando de Paramo Ciudadanoseko komunikazio-idazkariak adierazi du ostegunean bere alderdiak "ezezkoa" emango diola Podemoseko Pablo Iglesiasek zuzendutako Gobernu bati, baina abstenituko dela PP eta PSOE "bakarrean" aurkezten badira, "Espainia martxan jartzen hasteko".
La Sextako "Al Rojo Vivo" saiorako elkarrizketa batean, komunikazio-idazkariak gogorarazi du Riverak Pedro Sanchezi esandakoa: beharrezkoa dela bermatzea egonkortasuna Gobernua osatzeko eta Espainiako erakundeak martxan jartzeko.
Nabarmendu ere nabarmendu du beharrezkoa dela "herritarrengan pentsatzea, eta ez alderdien sigletan", eta azaldu du Riverak esan diola Sanchezi Ciudadanosek ez duela babestuko Espainiarekiko haustura xede duen Gobernurik; haren esanetan, hori da Pablo Iglesiasen proposamena.