Politika -
Katalunia
Junts pel Siren proposamenak 'gabeziak' dituela esan du Bañosek (CUP)
Koalizio antikapitalistako buruaren hitzetan, neurri sozialak aurrera eramateko, JxSik proposatzen dituen baliabideak “oso eskasak dira CUPek planteatzen duenarekin alderatuta”.
Agentziak | Erredakzioa
Generalitateko presidentearen inbestidura lortzeko, Junts pel Sik planteatutako proposamenak “gabeziak” dituela adierazi du gaur Antonio Baños CUPeko buruak.
Neurri sozialak aurrera eramateko, JxSik proposatzen dituen baliabideak “oso eskasak dira CUPek planteatzen duenarekin alderatuta”, esan du TV3 telebistan.
Testu adostu bat ez dela goraipatu du Bañosek, Junts pel Siren proposamen bat baizik. Hala ere, CUPek ekarpenak egin dituela onartu du: “dokumentua jaso eta parte hartu dugu. CUPen ekarpen asko barneratu dituzte”.
Negoziazioek JxSiren “eskaintza aberasteko” balio izan dutela azaldu du Bañosek. CUPen militanteek proposamena abenduaren 27ko batzar nagusian bozkatuko dute.
“Jaso eta bozkatzera eraman beharrean, nola aberastu zitekeen aztertzeko betebeharra genuen; bestela politikoki ez litzateke oso zentzuduna izango”, nabarmendu du.
CUPeko hamar diputatuek ez dute bozketan parte hartuko
Batzarrean lau agertoki posible bozkatuko dituzte. Erabakia ez bideratzeko CUPeko hamar diputatuek bozketan ez parte hartzea defendatu du Bañosek. “Diputatua batzarraren aginduaren hartzailea da” eta ezin du eraginik izan, adierazi duenez.
CUPen batzarrak ezezkoa emango balu, JxSik eskaintza berri bat egitekotan koalizioaren jarrera zein izango litzateke galdetu diote Bañosi. Eskaintza berria “aztertuko” luketela ziurtatu du.