Politika -
Gertakaria
Fiskaltzaren esku utzi dute Rajoyri eraso zion adingabea
Pontevedrako fiskal-buruak, bere aldetik, ohartarazi du gaztearen eskubideren bat urratu zezaketela. Adingabearen abokatuak neurriak eskatuko ditu haren intimitatea babesteko.
Agentziak | Erredakzioa
Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi dute Mariano Rajoy gobernuko presidenteari Pontevedran eraso zion adingabea. Erasotzaileak 17 urte ditu eta Rajoy paseo bat ematen ari zen jazoera gertatu zenean.
Asteazken gauean Probintzia Komisarian deklaratu ostean, gaztea Maringo Komisariara eraman dute; izan ere, Pontevedrako ziegetan obrak ari dira egiten.
Encarnacion Boullonek, alegia, Adingabeentzako Pontevedrako fiskal-ordezkariak, proposatuko dio adingabeen epaileari zigorrak eraso honengatik.
Pontevedrako fiskal-burua: "Adingabearen eskubideren bat urratuta egon liteke"
Juan Carlos Aladro Pontevedrako Auzitegi Probintzialeko fiskal-buruak uste du komunikabideek, "nolabait", 17 urteko adingabearen eskubideren bat urratu zezaketela.
Aladrok, ostegun honetan, albistearekin lanean zeuden kazetari batzuengana jo du, eta esan die: "Ez identifikatu, inolaz ere ez, adingabea".
"Nire iritziz, nolabait, haren eskubideak urratuak izan dira; egia da ere komunikabideak, orain arte, ematen zuen kontrolaezinak zirela", adierazi du Juan Carlos Aladrok.
Fiskal-buruak gogoratu duenez, Legeak babes berezia ezartzen du 18 urte baino gutxiagoko herritarrentzat. Berak ohartarazi du ez dela posible "irudirik hartzea, ezta identifikatzea ere; haren helbidea, eskola edo bizilekua, edo horren moduko zerbait ere, ezin da zehaztu".
“Ikusi dut hainbat informazio ari direla agertzen, prentsan, ildo honetan”, esan du. "Mesedez, baztertu jarrera hori".
Erasotzailearen abokatuak neurriak eskatuko ditu "intimitatea" babesteko
Erasotzaile gaztearen abokatuak neurriak eskatuko dizkio Adingabeen Fiskaltzari, haren intimitatea babesteko; izan ere, abokatuak dio "umea" dela, eta "etorkizunean bizitza oso bat" merezi duela.
Pontevedrako A Pardan egindako adierazpenetan, Jorge Cubela abokatuak ohartarazi du beharrezkoa dela adingabearen "intimitatea eta identitatea" babestea; berez, haren esanetan, biktima da.
Zehaztu duenez, "ez du inolako erlaziorik alderdi politikoren batekin", eta, egindakoaren garrantziari dagokionez, "ez dela erabat konturatzen, burbuila batean bezala dago". Gazteari zenbait elkarrizketa egin dizkiote, eta laster jarriko dute Fiskalaren aurrean.
Abokatuak, galdetu diotenean ea adingabeak barkamena eskatuko duen, esan du: "Egitekotan, nire bidez egingo du".
Rajoy: 'Paseatzen eta selfiak egiten jarraituko dut'
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente eta PPko hautagaia irribarretsu agertu da gaur jendaurrean, Pontevedran atzo jasandako erasoaren ondotik. Gertatutakoari garrantzia kendu dio, eta orain arte kanpainan egin duen bezala, paseatzen eta selfiak egiten jarraituko duela iragarri du.
Gobernuburua Bartzelonan dago gaur, eta goizean La Vanguardia egunkariak antolatutako hitzaldi batean izan da. Galizian jazotakoari buruz galdetu diotenean, irribarrea ahoan, "oso ondo" dagoela erantzun du, eta eskerrak eman ostean, "pasatu da dena", nabarmendu du.
Bartzelonako egonaldiaren ondotik, Bruselara, Europako Kontseiluaren bilera batera, joango dela iragarri du. "Dena ondo bidean, eta Jainkoak hala nahi badu, Valentzian eta Madrilen itxiko dut kanpaina", erantsi du.
Ukabilkadak min egin ote zion galdetuta, 'ezetz' erantzun du Rajoyk. "Dena bat-batean eta oso arin gertatu zen", azaldu du.
PPko buruaren esanetan, "(erasoari) ez diogu duen garrantzia baino gehiago eman behar. Herri lasai da gurea, neurriz jokatzen badakiena. Salbuespena izan da hau".