Politika -
Ajuria Enean
"Oso positibo"tzat jo du Eusko Jaurlaritzak adituen lehen bilera
Batzordeak hiru ohiko bilera egingo ditu urtean, Euskadiren garapen ekonomikoan eta sozialean laguntzeko. Besteak beste, batzordekideak enpresaburuak, profesionalak eta akademikoak dira.
Erredakzioa
Gaur Gasteizen eratutako Ekonomia Gaietarako Lehendakariaren Aholku Batzordea "oso positibotzat" jo du Eusko Jaurlaritzak. Lehen bilera honetan Patxi Lopez lehendakariak Euskadiren garapen ekonomiko eta soziala laguntzeko hausnarketa egiteko gonbidapena egin die aditu ekonomikoei.
25 adituren bilera hau Ajuria Enean egin dute eta bi ordu eta erdiko iraupena izan du; goizeko hamaiketan hasi da eta bertan ez dira egon, besteak beste, bihotzekoa izan eta gero Galdakaoko Ospitalean dagoen Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia eta Euskalteleko presidentea, Luis Atienza Red Electrica Españolako presidentea, Ignacio Marco Gardoqui Aernovako presidentea eta Maria Luisa Guibert Algeposa taldeko presidentea.
Lehendakaria eta batzordekideak atsekabetu ditu Jose Antonio Ardanza bertan ez izateak eta laster senda dadila opa diote.
Patxi Lopez lehendakariaren hitzaldiarekin hasi da batzarra batzordeko kideei Eusko Jaurlaritzaren helburuak azaltzeko. "Etorkizuneko politikei" buruz ideiak aurkezteko eta eztabaidatzeko hausnarketa organoa izango da hau. Azken finean, Euskadiren garapen ekonomiko eta soziala lortzea bilatzen dute.
Batzordekideak esparru enpresarial, profesional eta akademikotik datoz eta beren esperientzia, irizpide eta ezagutzak eskainiko dituzte euskal ekonomia ebaluatzeko, diagnostikatzeko eta epe ertain eta luzeko bilakaera gainbegiratzeko. Batzordeak, era berean, egoki ikusten dituen jarduteko neurriak proposatu eta berrikuntza proposamenak egingo ditu.
Eusko Jaurlaritzako iturrien arabera, "oso positiboa" izan da lehen bilera hau; eta hori izan da bilerako parte-hartzaileen ustea ere.
Lehenengo bilera honetan Euskadiren hazkunde eredua aztertu eta eztabaidatu da, eta zehatzago, euskal ekonomiak zein sektore estrategikotan lehiatu behar duen lehenengo lerroan kokatzeko.
Aholku Batzordeak gogoeta bat azpimarratu nahi izan du, alegia, gizarte kohesionatua, iraunkorra eta lehiakorra lortu behar dela, pertsonak eta batez ere enplegua ezarrita estrategia ekonomikoaren erdigunean.
Batzordeak euskal ekonomiak gainditu behar dituen ahulgune eta mehatxuez ez ezik, euskal ekonomiaren indarrak eta aukerak mundu osoko lehia-gunera egokitzeaz ere eztabaidatuko du.
Azkenik, Batzordeak hurrengo bileran aztertuko diren bi gaiak onartu ditu: alde batetik, euskal sektore estrategikoen eta horien etorkizuna; eta bestetik, Euskadiko ekonomiaren lehiakortasuna.
25 adituak
- Jose Maria Aldecoa, Mondragon Korporazioko presidentea
- Claudio Aranzadi eta Juan Manuel Eguiagaray Industria ministro ohiak
- Jose Antonio Ardanza, Euskalteleko presidentea (ezin izan da joan bilerara)
- Luis Atienza, Red Electrica Españolako presidentea
- Jose Maria Baztarrika, CAFeko presidentea
- Santiago Bengoa, CCOO-Euskadi sindikatuko idazkari nagusi ohia
- Carlos Trevilla, UGT-Euskadi sindikatuko idazkari nagusi ohia
- Alejandro Echevarria, UTECAko presidentea
- Mario Fernandez, BBK-ko presidentea
- Maria Luisa Guibert, Algeposa taldeko presidentea
- Josu Jon Imaz, Petronorreko presidentea
- Jose Antonio Jainaga, Sidenorreko kontseilari delegatua
- Jose Luis Larrea, Ibermaticako presidentea
- Jon Larrinaga Ekonomia sailburu ohia
- Guillermo Ulacia, Innobasqueko presidentea
- Emiliano Lopez Achurra, Euro-Defik Espainian duen presidentea
- Iñaki Lopez Gandasegui, Aernnovako presidentea
- Ignacio Marco Gardoqui, Morgan Stanleyko zuzendari exekutiboa
- Ignacio Sanchez Galan, Iberdrolako presidentea
- Arantza Mendizabal EHUko katedraduna
- Felipe Serrano EHUko katedraduna
- Roberto Velasco EHUko katedraduna
- Ignacio Zubiri EHUko katedraduna
- Susana Rodriguez Deustuko Merkataritza Unibertsitateko dekano ohia