Politika -

Elkarrizketa

David Pla: 'ETA zigilatze prozesua garatzen ari da'

Preso eta 'Konponbiderako ETAren ordezkariak' jakinarazi duenez, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin elkarlanean jarraituko du erakunde armatuak, "oztopoak" gorabehera.

Pla, artxibozko argazki batean. EiTB
David Pla ETAkideak dio, urratsak aztertzen ari zela atxilotu zutenean

1:03

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

David Pla preso eta 'Konponbiderako ETAren ordezkariak' nabarmendu duenez, erakunde armatuak "arma eta leherkari kopuru esanguratsu bat zigilatuta" du, eta prozesuak aurrera jarraitzen du, "oztopoak" gorabehera. ETAk bere konpromisoari eutsi diola ere esan du Plak, eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin "harremanean eta elkarlanean" jarraituko duela erantsi du.

Gara egunkariari eskainitako elkarrizketa batean, zigilatze prozesuaz mintzatu da Pla. Haren hitzetan, "Espainiako eta Frantziako estatuen jarreraren ondorioz, nahiko genukeena baino motelago eta zailtasun gehiagorekin burutzen ari da. Baina dagoeneko arma eta leherkari kopuru esanguratsu bat zigilatuta dago".

Pla 2015eko irailean atxilotu zuten, Iratxe Sorzabalekin batera, Baigorrin.

ETAko kideak elkarrizketan nabarmendu duenez, polizia operazioek "ez dute prozesua gelditu", eta erakunde armatuak Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin "harremanean eta elkarlanean" jarraituko duela baieztatu du.

Plaren aburuz, nazioarteko aditu talde honek izan duen papera "oso garrantzitsua izaten ari da, are gehiago estatuek hartu duten jarrera kontuan hartuta". Nabarmendu duenez, "sinesgarritasuna" eman diote prozesuari, eta horren hastapenean "erabakigarria" izan zen, "Espainiako Gobernuak ETAren jarreraren inguruan zalantza sortu nahi izan zuenean".

Hala, batzorde horretako kideak "baldintza zailetan" aritu dira ordutik. "Estatuen erasoak pairatu dituzte, eta baita, ETAren aurka hitz egin zezaten, beste batzuen presioa ere bai", azaldu du ETAko presoak. Dena dela, horiek gorabehera, batzordeak "profesionaltasunez jokatu dute, adostutako funtzio eta zereginari eutsita".

"Prozesuaren mesedetan"

David Plaren esanetan, "oso egoera bitxia eta kontraesankorra" da gaur egungoa, "armaren erabilera operatibotik kanpo uzteko prozesua" baliatzen ari direlako "ETAri eraso egiteko". Baina Plak azpimarratu duenez, "ETAk ez du armategiak zigilatzeko beharrik, ezta armagabetzeko ere. Armak dauden tokian gera daitezke".

"ETAk prozesuaren mesedetan egiten du, prozesuaren mesedetan aterabidea eman nahi dio armen auziari ere. Berariaz egiten du, ez gogo txarrez.Horregatik gogoeta egin beharko genuke guztiok eta ea interesik ba ote dagoen aztertu. Uste dut ariketa hori egin behar dela beste urratsez hitz egin aurretik", nabarmendu du.

Hauteskundeen ondoko egoera

Plaren iritzian, ETAk "konpromiso guztiak bete ditu, baita beste guztiek urrats bakarra eman ez dutenean ere". Abenduaren 20ko hauteskundeen emaitzak Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa berhartzeko baliatu ahalko ote diren galdetuta, ezkor azaldu da ETAko kidea: "Ez du ematen", agertu du. "Halere, aukera hori landu beharko litzateke, gure estrategiaren zutabe bilakatu gabe, betiere", erantsi du.

Ingurumaria horretan, Euskal Herritik eman daitezkeen aldebakarreko urratsei eman die garrantzia Plak. Elkarrizketan iragarri duenez, Sorzabalekin Baigorrin atxilotu zutenean, "gogoeta sakona" egiten ari zen ETA, Aietetik lau urte pasatu zirela eta. "Aurrera begirako estrategia eta urratsak finkatu behar genituen. Horretarako, besteak beste, pertsona eta eragile ezberdinen iritzi eta proposamenak entzun nahi genituen. Eta horretan ari ginen atxilotu gintuztenean", kontatu du.

2011tik gertatutakoen balorazio "gazi-gozoa" egiten du Plak. Haren esanetan, urte hartan "aukeraz beteriko agertoki politikoa eraiki dugu, baina ez gaude nahi dugun tokian".

Hori horrela, egoera politikoaren honako irakurketa egin du David Platek: "ETAk borroka armatua utzi zuenetik erantzun armaturik ez dagoenez, kolpe bakoitzarekin halako garaipen irudia proiektatu nahi izan dute. Baina fokua altxatu eta egiazko aldagaietara eramanez gero, irudia oso ezberdina da: Espainiako proiektua gainbehera dago Euskal Herrian. Espainiako Gobernua bakerako oztopo gisa agertzen da euskal herritar gehienen begietara eta bere alderdiak gero eta babes gutxiago du Euskal Herrian. Eta ez aspaldi hilzorian uste zuten ezker abertzalea indarberriturik dago".

Kritikak Jaurlaritzari eta EAJri

ETAko buruzagiaren iritzian, 2011n EH Bilduk hauteskundeetan izandako "arrakastak alarma guztiak piztu zituen bai Estatuan baita Sabin Etxean ere". Ingurumaria horretan, EAJrekin eta Jaurlaritzarekin kritiko agertu da Pla, jeltzaleak "blokea errotzera jotzen" dutelako, haren ustez, eta horren adibide aipatu ditu Foro Sozialari eta Bake Lantaldeari jarritako "oztopoak". 

Plak azpimarratu duenez, EAJk "ezker abertzalea ahultzea du helburu".  ETAko buruzagiak adierazi duenez, jeltzaleak "Estatuaren erasoetatik abantaila politikoa ateratzen dute", eta Arnaldo Otegi, Urkulluren "lehiakide nagusia", kartzelan dagoela gogorarazi du.

Negoziazioak

Azken lau urteotan izandako negoziazioen nondik norakoak errepasatu ditu David Plak elkarrizketan. "Aieteko Konferentzia egin eta gero, ETAren ordezkaritza negoziazio gunea izan behar zuen herrialdera -ez du baieztatu nahi izan Norvegia ote zen- joan zen eta bertan egon ginen 16 hilabeteetan bilkura ugari egiten", azaldu du. ETAko kideak herrialde horretako agintarien babespean zeuden, argitu duenez.

Plaren esanetan,"nazionalitate ezberdineko dozena bat pertsonarekin" izan ziren, eta "PPren Gobernuko bitartekari" bat ere azaldu zen bilerotara, baina hura Madrilera itzuli zenean, Rajoyk "ez zuen berarekin elkartu nahi izan", azaldu du.

ATA

ATA mugimenduaz duen iritzia galdetuta, "presoak aske uzteko dinamikak hutsuneak" dituela azpimarratu du Plak, eta horrek ezinegona sortu duela, baina gaineratu du konponbidea ez dela etorriko "ATA amnistiaren aldeko mugimenduak proposatzen duen bidetik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak argazkiak ETA gaur