Politika -

Epaiketa Parisen

'EPPK eta ezker abertzalea apurtu nahi duenik bada'

Parisen epaitutako ETAko kideek ezker abertzalea zatitzen saiatzea egotzi diete ildo ofizialarekin ados ez dauden sektoreei.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egunotan Parisen epaitu dituzten ETAko sei kideek salatu dute ezker abertzalea eta EPPK "apurtzeko" saiakerak daudela, eta presoek eurek eta Sortuk hartutako ildo ofizialarekin ados ez daudenei leporatu diete hori egin izana.

Agiria Mikel Karrerak, Arkaitz Agirregabiriak, Joseba Fernandez Aspurzek, Josu Urbietak, Izaskun Lesakak eta Xabier Goienetxeak igorri dute, hau da, Jean-Serge Nerin jendarme frantziarra hiltzea egotzita egunotan Parisen epaitutako ETAko kideek.

"Kolektiboaren bitartekariak atxilotu eta errepresaliatuon aldeko egiturak hamaikagarrenez kolpatuak izan ondotik arlo honetan dauden hutsuneak itzelak dira. Horrek hainbat militanteren ezinegona sortu du", adierazi dute, Naiz eta Berria egunkariek publikatutako agirian.

Hala ere, hainbat pertsonak "ezinegon" hori "ezker abertzale osoak, ETA eta EPPK barne, bere egindako estrategiaren aurka" erabili nahi dutela ohartarazi dute.

"EPPK eta ezker abertzalea apurtu nahi duenik bada. Nola ulertu bestela hainbat presok (tartean gu seietako batek) EPPK uzteko jasotako gonbidapena?", galdetu dute.

Horren ildotik, EPPKren kontra ari dena ez dela presoen alde egiten ari nabarmendu dute.

Joan den asteburuan, 3.000 pertsonak manifestazioa egin zuen Bilbon, Amnistia eta Askatasunak deituta. Kolektibo hori ez dago ados ezker abertzalearen ildo ofizialarekin. Izan ere, amnistia aldarrikatzen du, baina EPPK-k berak onartu egin du espetxe legaltasuna.

Biziarteko espetxe zigorra Mikel Karrerantzat

Bestalde, agiriaren sinatzaileak kondenatu egin ditu gaur Frantziako Justiziak.

Hain zuzen ere, Mikel Karrerari biziarteko espetxe zigorra ezarri diote, eta 14 eta 25 urte arteko zigorrak gainerako bostei.

"Borroka armaturik gabe dena da posible"

Gaur bertan, epaiketan zeudela, Arkaitz Agirregabiriak adierazpen bat irakurri du seien izenean, azken hitzen txandan.

Adierazpen horretan, ETAko kideek berretsi egin dute talde armatuak indarkeria uzteko erabakiari eusten diola. Agirregabiriak berretsi du ETAk indarkeria uzteko erabakiari eusten diola. "Lau urte hauetan gauza asko ikasi dugu. Borroka armaturik gabe dena zela posible zioten. Ez da gezurra. Dena da posible", aldarrikatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sorturen azken albisteak Paris azken albisteak Presoak argazkiak Euskadi Ta Askatasuna albisteak