Politika -
Epaiketa Parisen
Biziarteko espetxe-zigorra eskatu dute Mikel Karrerarentzat, Frantzian
2010ean Jean-Serge Nerin jendarme frantziarra hil zuen bi pertsonetako bat izatea egotzi diote.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Fiskaltzak biziarteko espetxe-zigorra eskatu du Mikel Karrera Sarobe ETAko ustezko buruzagi ohiarentzat, 2010eko martxoaren 16an Jean-Serge Nerin jendarme frantziarra tirokatuta hil zuten bi pertsonetako bat izatea egotzita.
ETAko sei ustezko kide eseri dira egunotan Parisko auzitegi batean, eta Maryvonne Caillibotte fiskalak 30 urteko espetxe-zigorra eskatu du Arkaitz Agirregabiriarentzat; 25 urtekoa, Joseba Fernandez Aspurzentzat eta Josu Urbieta Alkortarentzat; eta, 18koa, Izaskun Lesakarentzat eta Xabier Goeienetxea Iragorrirentzat.
Azken horri Neri hil zuen beste tiratzailea izatea egotzi zioten, baina fiskalak esan du ez dagoela froga nahikorik hori egiaztatzeko. Caillibotteren esanetan, bigarren tiratzailea ez dago identifikatuta oraindik.
Ministerio Publikoaren ordezkariak "hiltzeko asmoa" izatea egotzi dio Karrera Saroberi.
ETAko ustezko buruzagi ohia hiru aldiz kondenatu dute jada Frantzian: 20 urteko bi zigor ditu, eta biziarteko bat, 2007an Capbretonen bi guardia zibil hiltzeagatik.
Fiskaltzaren esanetan, azariaren 2tik akusatuen aulkian eseri diren sei pertsonak ETAren "sektore gogor bateko kideak" dira, eta "2010ean bezala pentsatzen dute", ETAk indarkeriari amaiera emateko erabakia hartu aurretik pentsatzen zuten bezala.