Politika -
Katalunia
Gobernuak 'eraso instituzionala' egin die katalanei, Masen hitzetan
Cristobal Montoro Ogasun ministroak iragarritako kontrol finantzariorako neurrien kontrako errekurtsoa iragarri du Generalitateko jarduneko presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Gogor, aurreko agerraldietan baino gogorrago, aritu da gaur Artur Mas Kataluniako Gobernuaren jarduneko presidentea Espainiako exekutiboaren aurka. Hitz potoloak erabili ditu Generalitateko jauregian egindako prentsaurrekoan: "aparteko beligerantzia" edota "eraso instituzionala". Biak Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak iragarritako kontrol finantzariorako neurrien inguruan hitz egiteko erabili ditu.
Kataluniari Autonomia Erkidegoen Likidezia Funtseko dirua eskuratzeko kontrol zorrotzagoak ezarriko zizkiola iragarri zuen joan den astean Montoro ministroak. Aurrez, Estatuko Kontu-Hartzailetza Nagusiak, Estatistika Institutu Nagusiak eta Espainiako Bankuak ikerketa abiatu zuten Kataluniak justifikatu gabeko 1.300 milioi euroko fakturak omen dituelako. Eurostat Europako Estatistika Bulegoak atzeman zuen "zuloa", aurrekontuak aletzean.
Gogor egin du gaur Masek Montororen aurka, eta "suarekin jolastea" egotzi dio. Harago ere joan da: "erre egingo da", ohartarazi du.
Espainiako Gobernuak Kataluniar guztiak "zigortzen eta erasotzen" dituela esan du Masek. "Aparteko beligenrantzia" deitu dio Estatuaren jarrerari. "Demokratiko eta modu baketsuan erabaki politiko batzuk defendatzen ari diren herritarrak zigortzen ari da Espainiako Gobernua", esan du.
"Gezurra"
Katalunian abian jarritako prozesu soberanistaren aurka egiteko Estatuaren "indarra" erabiltzea egotzi dio Masek Espainiako Gobernuari, eta hori "erakunde baten kontrako erasoa" dela adierazi du.
Azken egunotan zabaldutako hainbat informazio gezurtatu ditu Masek. Besteak beste, Generalitateak 1.300 milioi euro ez dituela "inoiz" ezkutatu ziurtatu du. Espainiako Gobernuak diru horren berri 2009tik bazuela nabarmendu du, eta, orain, Rajoyren Exekutiboak informazio hori Katalunia "zigortzeko" zabaldu duela gaineratu du.
Ildo beretik, Cristobal Montoro Ogasun ministroaren jarrera gogor kritikatu du. Espainiako Gobernuak finantziazioan gabeziak dituela eta egunen batean EBn arazoak izan ditzakeela ohartarazi dio Montorori Generalitateko jarduneko presidenteak.
Helegiteak eta subiranotasunari babesa
Espainiaren "erasoen" aurrean, Generalitateak emango dituen pausoen berri eman du Masek: alde batetik, Likidezia Funtsaren inguruan Estatuak hartutako erabakiari helegitea jarriko dio Kataluniako Gobernuak. Bestalde, subiranotasunaren oinarria "zabaltzeko" aukerak aztertuko dituzte, Estatu Katalana sortzeko bidean.
Abenduaren 20ko Hauteskunde Orokorren ondoren gobernu aldaketa egonez gero, Masek Madrili eta Bruselari "elkarrizketa eta negoziazioa" eskainiko dizkiola esan du, betiere, exekutibo berriak Kataluniaren aurkako "erasoari" eusten ez badio.