Politika -
Auzitegi Konstituzionala
Kataluniak helegitea jarriko du ebazpen independentista babesteko
Parlamentuko Mahaiak adierazi duenez, Konstituzionalak "ezin du gelditu" Parlamentuaren "ekimen politikoa".
agentziak | erredakzioa
Kataluniako Parlamentuaren Mahaiak bilera egin du gaur, eta onartu egin du Auzitegi Konstituzionalak adierazpen independentistaren kontra emandako ebazpenari helegitea jartzea. Junts pel Sik eta CUPek legegintzaldiko lehen saioan onartutako adierazpenak abiatu zuen "Kataluniaren deskonexioa" martxan jartzeko prozesua, baina Konstituzionalak bertan behera utzi zuen, Espainiako Gobernuak salatu ostean.
Junts pel Sik Mahaian dituen lau kideek eta CUPek babestu dute helegitea jartzea, eta kontra agertu dira Ciutadans, PSC eta Catalunya Si que es Pot.
Kataluniako Parlamentuak ostirala baino lehenago aurkeztuko ditu alegazioak, orduan amaituko baita hori egiteko epea.
Lluis Corominas Junts pel Siren ordezkari eta Parlamentuko bigarren presidenteordeak adierazi duenez, Konstituzionalak "ezin du gelditu" Parlamentuaren "ekimen politikoa".