Politika -
Parisko atentatuak
Siriako bonbardaketetan parte hartzea baztertu du Espainiak momentuz
“Zuhurrena” abenduaren 20ko hauteskundeak egin arte itxarotea dela uste du Garcia-Margallok. Bestalde, Urkullu “gerra guztien aurka” agertu da.
Agentziak | Erredakzioa
Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri ministroaren hitzetan, Espainiak Sirian militarki esku hartu ala ez erabakitzeko, “zuhurrena” abenduaren 20ko hauteskunde orokorrak egin eta Parlamentu berria osatu arte itxarotea da.
Azken hiru egunetan Frantziak bonbardaketak egin ditu Ar-Raqqan, Estatu Islamikoaren gotorlekuan, eta gutxienez 33 jihadista hil ditu erasoetan, Giza Eskubideen Siriako Behatokiak jakitera eman duenez.
“Senatu eta Kongresuko diputazio iraunkorrek erabakia hartzeko legitimitatea dute, baina zuhurrena Gobernu eta ganbera berriak osatu arte itxarotea da, Sirian militarki esku hartzea erabaki garrantzitsua delako”, azpimarratu du Margallok.
Momentuz Espainiari “ezer” eskatu ez diotela goraipatu du ministroak. Aldebakarreko erasoa egiterik ez dagoela adierazi du. Estatu Islamikoari aurre egiteko “egitasmo bateratu” bat beharrezkoa dela uste du Margallok.
Zentzu horretan, Espainia Estatu Islamikoaren aurkako koalizioan 300 soldadurekin parte hartzen ari dela gogorarazi du Atzerri ministroak. Irakeko Armada trebatzen ari dira, Estatu Islamikoaren aurrera egitea oztopatzeko.
“Fenomeno berri baten aurrean gaude eta estrategia zaharrek ez dute balio”, ohartarazi du Margallok. “Hidraren lepoa moztea garrantzitsuena” dela esan du ministroak, hau da, Sirian Estatu Islamikoa desegitea.
“Bakea nahi bada, Al Asadekin ados jarri behar gara, gutxienez aldi baterako. Rooseveltek ez zuen Stalin atsegin, baina naziekin bukatzeko ados jarri ziren, garaiko mehatxurik handiena zelako”, azaldu du buruzagiak.
Urkullu, gerraren aurka
Espainiak jihadismoaren aurkako gerra batean parte hartu behar ote duen galdetu diote Iñigo Urkullu lehendakariari. “Gerra guztien kontra” agertu da Urkullu. Nahiz eta “selektiboak” izan gerretan errugabeen heriotza saihestea ezinezkoa da, eta are gehiago, “gorrotoa birsortzen da”, azpimarratu duenez.
Bestalde, Ertzaintzak Espainiako alerta maila zehazteko mahaian parte hartu behar du ostegun honetan. Erabaki horrekin pozik azaldu da lehendakaria. Urkulluren ahotan, Ertzaintza “polizia integrala” da, “EBko gainerako poliziekin batera informazioan eta operazioetan” parte hartu behar du. Ondorioz, “abiapuntu” bat izatea espero du EAEko agintariak.
Terrorismoaren aurkako borrokari eta Siriaren egoerari buruzko informazioa emateko konpromisoa agertu zion Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak lehendakariari telefono elkarrizketa batean, asteazkenean.
Terrorismoaren aurkako borrokan Gobernuak eman beharreko pausoen berri pertsonalki emateko eta demokraten batasuna aldarrikatzeko elkarrizketak hasi ditu Rajoyk. Asteartean Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarekin harremanetan jarri zen. Asteazkenean Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiarekin, Pablo Iglesias Podemoseko agintariarekin eta Urkullurekin hitz egin zuen Exekutiboko presidenteak.
Rivera Sirian militarki esku hartzearen alde agertu den buruzagi politiko bakarra da. Siriara tropak bidaltzeko aukerari buruz galdetu diotenean, honakoa erantzun du: “NATOren barruan bada, horretarako gaude NATOn”.