Politika -

Katalunia

Hauteskundeak aurreratzeko aukeraz hitz egin du Ekonomia kontseilariak

Andreu Mas-Colell kontseilariaren hitzetan, onartezinak dira Kataluniako presidentea aukeratzeko CUPek ezarritako baldintzak. Bestalde, Francesc Homsek lau baldintza aipatu ditu bozak saihesteko.

Andreu Mas-Colell Generalitateko Ekonomia kontseilaria. Artxiboko irudia: EFE
Andreu Mas-Colell Generalitateko Ekonomia kontseilaria. Artxiboko irudia: EFE
Andreu Mas-Colell Generalitateko Ekonomia kontseilaria. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andreu Mas-Colell Generalitateko Ekonomia kontseilariaren iritziz, onartezinak dira Kataluniako presidente berria aukeratzeko CUP alderdiak ezarritako baldintzak, eta martxoan hauteskundeak egiteko aukera jarri du mahai gainean.

Ara egunkarian argitaratutako "Ez dezagun prozesua ito" izeneko artikuluan, CUP alderdia gogor kritikatu du. Kataluniako presidente berria izendatzeko negoziatzen ari dira Junts pel Si eta CUP, baina oraingoz ez dute adostasunik lortu.

CUPen eta Kataluniako Parlamentuko gainerako taldeen ezezkoaren ondotik, ez atzera ez aurrera gelditu da Artur Masen inbestidura. Mas-Colellek CUPeko "heldutasun eza" egotzi die hamar diputatuei, gobernu berria osatzeko prozesua blokeatzeagatik eta horren programa politikoa "sakon baldintzatu" nahi izateagatik.

Urtarrilaren 10a baino lehen inbestidura saiorako adostasunik ez badago, martxorako hauteskundeak deitu beharko dituzte Katalunian. "Ziur nago egoera horretara helduz gero, Mas presidenteak hauteskunde kanpainan jakingo duela non gauden eta zergatik, eta katalanek jakingo dutela jakituriaz prozesua gidatu behar duena aukeratzen", azaldu du.

Bestalde, Francesc Homs Convergenciako kideak lau baldintza jarri dizkio CUPi hauteskunde aurrerapena saihesteko: "Lau baldintza horiek betetzen ez badira, hauteskundeak izango dira".

TV3 telebista kateari eskainitako elkarrizketan, lau baldintza aipatu ditu: egonkortasuna bermatuko duen gobernu sendoa osatzea, segurtasun juridiko osoa izatea, mendebaldeko eta Europako baloreekin "konpromiso argia" azaltzea eta estatu espainiarrarekin zein Europako erakundeekin hitz egiteko eta itunak egiteko borondatea izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur