Politika -

Katalunia

Konstituzionalak bertan behera utzi du ebazpen independentista

Gainera, Kataluniako 21 goi-karguri, tartean Artur Masi eta Carme Forcadelli, ohartarazi die ebazpena bete ezean beren zereginetatik kendu eta desobedientzia delitua leporatu dakiekela.

Konstituzionalak bertan behera utzi du prozesu independentista

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak onartu egin du izapidetzea Espainiako Gobernuak Kataluniako Parlamentuaren ebazpen independentistaren aurka aurkeztutako helegitea.

Horren ondorioz, ebazpena automatikoki bertan behera geratu da, auzia ebatzi bitartean.

Estatuaren Abokatutzak gaur bertan aurkeztu zuen helegitea, eta, ondoren, Konstituzionalak premiazko bilera egin du.

Era berean, ebazpen independentistarekin aurrera jarraituz gero, erantzukizun penalak izango dituztela ohartarazi die Konstituzionalak Artur Mas Generalitateko jarduneko presidenteari, Carme Forcadell Parlamentuko presidenteari eta beste 19 goi-karguduni. Espainiako Gobernuak berak eskatu dio auzitegiari ohartarazpen hori egitea.

Nolanahi ere, auzitegiak ez ditu aintzat hartu Espainiako Gobernuaren eskaera guztiak. Adibidez, ez du aipatu Auzitegi Konstituzionalaren Legearen (LOTC) 92.4. artikulua ezarriko ote duen, hau da, aipatutako 21 pertsonak kargugabetuko dituen.

Gainera, ez du zehaztu zein izango litzatekeen 21ei egotziko liekeen delitua. Estatuko Abokatutzak desobedientzia leporatu die helegitean.

Idatzi horretan, Kataluniako Parlamentuaren adierazpenak Konstituzioaren hainbat artikulu (1.2, 2, 168, 1.3, 1.1, 9.1, 164 eta 23) "argi eta garbi" urratzen dituela salatu du Espainiako Gobernuak.

Rajoy, "pozik"

Konstituzionalaren erabakiaren berri izan ondoren, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea "oso pozik" agertu da, epaileen "bizkortasuna" ikusita, Moncloatik jakinarazi dutenez.

"Honek erakutsi egiten du gure erakundeen indarra, demokraziaren sendotasuna eta legearen inperioa", gaineratu du.

Generalitateak Parlamentuaren aginduak baino ez ditu beteko

Bestalde, Neus Munte Generalitateko presidenteorde eta bozeramaileak aurreratu du Kataluniako Parlamentuaren aginduak baino ez dituztela beteko, "subiranoa" baita.

Halaber, Konstituzionala kataluniarren "askatasun nahiak isilarazteko" erabili izana egotzi dio Espainiako Gobernuari.

"Gure borondatea da ebazpen independentistarekin aurrera jarraitzea. Arrazoiak argiak dira: Parlamentu subirano baten agindua da hori", nabarmendu du.

 

Konstituzionalak ohartarazitako 21 goi-kargudunak

21 karguak Katalunia Auzitegi Konstituzionala EFE

(Argazkia: EFE) Hain zuzen ere, hauek dira Auzitegi Konstituzionalak ohartarazitako 21 goi-kargudun kataluniarrak:

-    Carme Forcadell Parlamentuko presidentea

-    Artur Mas Generalitateko jarduneko presidentea

-    Lluis Corominas Parlamentuko Mahaiaren lehen presidenteordea

-    Jose Maria Espejo-Saavedra Parlamentuko Mahaiaren bigarren presidenteordea

-    Anna Simo lehen idazkaria

-    David Perez bigarren idazkaria

-    Joan Josep Nuet hirugarren idazkaria

-    Ramona Barrufet laugarren idazkaria

-    Pere Sol Parlamentuko idazkari nagusia

-    Neus Munte Generalitateko presidenteorde eta Ongizate Sozialeko kontseilaria

-    Francesc Homs Presidentetza kontseilaria

-    Borras Gobernazio kontseilaria

-    Andreu Mas-Colell Ekonomia eta Hazkunde kontseilaria

-    Irene Rigau Hezkuntza kontseilaria

-    Boi Ruiz Osasun kontseilaria

-    Jordi Jane Barne kontseilaria

-    Santi Vila Lurralde kontseilaria

-    Ferran Mascarell Kultura kontseilaria

-    Jordi Ciuraneta Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza eta Elikadura kontseilaria

-    Felip Puig Enplegu kontseilaria

-    Germa Gordo Justizia kontseilaria

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Kataluniaren independentzia Gaurko azken ordukoa