Politika -
Katalunia
Hiru presidenteorde izendatzea proposatu du Masek
Horrela, CUPen babesa lortu nahi du Generalitateko jarduneko presidenteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Artur Mas Kataluniako Generalitateko jarduneko presidenteak beste eskaintza bat egin dio CUPi, bere inbestidura onar dezan. Eskaintza horren arabera, Mas berriz ere izango litzateke presidente, baina boterea hiru presidenteorderekin banatuko luke. Oriol Junqueras, Raul Romeva eta Neus Munte izango lirateke presidenteordeak, Junts Pel Si koaliziotik jakinarazi dutenez.
Jarduneko presidentea Antonio Baños, Anna Gabriel eta Benet Salellas CUPeko dipuatuekin batzartu da gaur, inbestiduraren bigarren bozketari begira akordioa lortzen saiatzeko.
CUPek presidentetza partekatu bat sortzea proposatu zuen, eta JxS koalizioak hiru presidenteorde izendatzea mahaigaineratu du orain, alderdi antikapitalistaren asmoetara gerturatzeko.
Hain zuzen ere, Junqueras lehen presidenteordea izango litzateke, ekonomia ardurekin; Romeva, bigarrena, nazioarteko harremanetarako; eta, Munte, hirugarrena, gai sozialetarako.
Horretarako, baina, Generalitateko Presidentetzaren Legea erreformatuko beharko lukete, presidenteorde bat izendatzea baino ez duelako baimentzen.
Atzo, CUPek bat egin zuen oposizioarekin, eta galarazi egin zuen Artur Masen inbestidura.
Bihar beste bozketa bat egingo dute, eta orduan gehiengo sinplea beharko da, hau da, CUPeko bi diputatuk alde bozkatzea eta beste zortziak abstenitzea nahikoa izango litzateke Mas berriz ere presidente izan dadin.
Nolanahi ere, Antonio Bañosek ohartarazi du ez dutela botoa aldatuko JxSren hautagaia berriro Mas bada.