Politika -
Auzitegi Konstituzionala
Estatuak aurkeztu du ebazpen independentistaren aurkako helegitea
Espainiako Gobernuak Konstituzionalari eskatu dio Kataluniako 21 goi kargudun ohartarazteko, tartean Artur Mas eta Carme Forcadell, desobendientziagatik gaitasungabetu eta jazar ditzaketelako.
agentziak | erredakzioa
Marta Silva de Lapuerta Estatuaren abokatuak 12:00ak aldera aurkeztu du Espainiako Gobernuaren konstituzio-kontrakotasun helegitea Auzitegi Konstituzionalean Kataluniako Parlamentuak onartu duen ebazpen independentistaren kontra.
Ministroen Kontseiluak aparteko bilera egin du gaur goizean Kataluniako Parlamentuaren adierazpenaren kontrako helegitea Auzitegi Konstituzionalean aurkezteko azken izapidea betetzeko.
Kataluniako Parlamentuak Kataluniako errepublika sortzeko prozesua abian jartzeko adierazpena onartu ostean, Espainiako Gobernuak txostena eskatu zion berehala Estatu Kontseiluari Konstituzionalera jo ahal izateko.
Atzo, Kontseiluak aho batez onetsi zuen helegitea, horretarako "nahikoa oinarri juridiko" badagoela iritzita.
Konstituzioaren 161.2 artikuluan oinarritu da Estatu Kontseilua txosten hori kaleratzeko. Hala, Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalera jo dezake erkidegoen erabakiei aurre egiteko, eta inpugnazio horrek ebazpena bertan behera uztea eragingo du.
Helegitea aurkeztu ondoren, Auzitegi Konstituzionalak bilera egingo du, helegitea aztertzeko, eta litekeena da Kataluniako Parlamentuaren ebazpena bertan behera uztea.
Mas eta Forcadell, gaitasungabetzeko arriskuan
Era berean, Espainiako Gobernuak Konstituzionalari eskatu dio Kataluniako 21 goi kargudun ohartarazteko, tartean Artur Mas Generalitateko jarduneko presidentea eta Carme Forcadell Parlamentuko presidentea, gaitasungabetu eta jazarri egin ditzaketelako desobedientziagatik Konstituzionalaren aginduak betetzen ez badituzte.
Konstituzionalak gaur egingo du helegitea aztertzeko bilkura, 16:30ean.
Auzteigiak, espero den legez, ebazpen independentista bertan behera utziz gero,erabakia Carme Forcadelli eta Artur Masi bidaltzea nahi du Espainiako Gobernuak.
Gainera, oharra Parlamentuko Mahaiko eta Gobernuko kide guztiei bidaltzea ere eskatu du; Konstituzionalaren agindua betetzen ez badute desobedientzia delitua egiten arituko direlako, hain zuzen ere.
Horrela, Konstituzionalak 20 eguneko epea emango die alegazioak aurkezteko; beraz, abenduaren 20ko hauteskunde kanpainaren erdialdea arteko epea izango dute.